Abenduko emaitzen bidetik, baina 1.195 boto-emaile gutxiago Eibarren

Abenduko emaitzen bidetik, baina 1.195 boto-emaile gutxiago Eibarren
2016/06/27 00:42
eta kitto!
Atzoko hauteskunde orokorretan parte-hartzea bost puntutik gora jaitsi zen Eibarren: abenduaren 20an %70,36k eman bazuen botoa, oraingoan parte-hartzea %65,15ean geratu da. Hau da, orduko %29,64ko abstentzioa oraingoan %34,92ra igo da. Horrela, 1.195 boto-emaile geratu dira bidean, bozkatzera joan barik. Bestalde, abenduaren 20an gure herrian izandakoen hauteskunde orokorretik atzo egin zirenetara ez da alderik izan alderdiek lortutako postuetan; hori bai, gehienak boto kopuruetan jaitsi badira ere, ez da neurri berean izan. Elkarrekin Ahal Dugu-k boto gehien izan ditu oraingoan ere, 3.950, baina abenduan, Orain Baterarekin,  4.202 izan zituenez, 252 galdu ditu. EAJ-PNVk doi-doi eutsi dio bigarren postuari, PSE-EEk baino 53 boto gehiagorekin: 3.053 boto jaso zituen atzo, abenduko 3.327ak baino 274 gutxiago. PSE-EEk justu 3.000 boto eskuratu zituen atzo gurean, orain dela sei hilabete baino 144 gutxiago. EH Bilduk izan da boto gehien galdu dituena eta oraingoan 1.913 boto jaso ditu, abenduan izan zituen 2.376rekin konparatuta 463 gutxiago. Eta PP izan da bakarra gora egiten, neurri txikian izan bada ere: orduko 1.330 bototik oraingo 1.363ra pasatu da, hau da, 33 boto gehiago jaso ditu.
Eibarren izandako emaitzekin, emandako botoen portzentaiak honela banatuko lirateke: Elkarrekin Ahal Duguk %28,42 lortu du, EAJ-PNVk %21,97, PSE-EEk %21,59, EH Bilduk %13,76 eta PPk %9,81.

 

grafikoa-3








Maquetaci—n 1



grafikoa 2 grafikoa


 

 

Maquetaci—n 1