Hauteskundeei etakitto.eus webgunean egingo diegu jarraipena

Hauteskundeei etakitto.eus webgunean egingo diegu jarraipena
2016/06/26 00:10
eta kitto!
Iazko abenduan egindako Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeen emaitzekin gobernua osatzeko modurik aurkitu ez dutela eta, ekainaren 26rako berriz deitu dituzten hauteskundeak San Juan jaiekin batera ailegatuko zaizkigu guri. Gainera, oraingoan San Juan Txiki zapatuan ospatuko denez, jaiak egun bat luzatzeko hainbat ekitaldi domekara pasatu dituzte eta, beraz, hauteskunde egunean Bixamona kaleratzeko argazkiak egiten ibiliko gara oraindik. Hori dela eta, hauteskundeak izan diren bakoitzean hurrengo egunean kioskoetan banatzeko ale berezia kaleratu dugun arren, oraingo honetan ezin izango dugu horrelakorik egin. Hala ere, Eibarko emaitzei jarraipena berdin-berdin egiteko asmoa daukagu, baina horiek internet bidez, www.etakitto.eus webgunean emango ditugu argitara hauteskunde gauean bertan. Beraz, emaitzak auzorik auzo ikusteko, aurreko hauteskundeetako emaitzekin konparatzeko eta bestelako informazioa jasotzeko sartu gure webgunean, horiek guztiak eskuragarri izango dituzue eta.