Herriko Gizarte Zerbitzuen egoera jasotzen duen 'Eibarko Gizarte Diagnostikoa' aurkeztu dute

Herriko Gizarte Zerbitzuen egoera jasotzen duen 'Eibarko Gizarte Diagnostikoa' aurkeztu dute
2018/02/27 eta kitto!
Gaur eguerdian aurkeztu dute 'Eibarko Gizarte Diagnostikoa' ikerketa-lana udaletxeko pleno aretoan Idoya Sarasqueta Gizartekintza saileko zinegotziak eta ikerketa egin duen IKEI aholkularitzako ordezkariek. Aurkezpenean azaldu dutenez, “ikerketaren helburua, Eibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkariei gehien arduratzen dizkieten zazpi giza-esparruetan analisi sakon bat egitea izan da”. Esparruak hauek dira: gizarte baztertze eta barneratzea; immigrazioa eta aniztasuna; haurtzaro, nerabezaro eta familia; mendekotasunak; desgaitasunak eta gaixotasun mentala; adineko pertsonak eta mendekotasuna; eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna. Horretarako, metodologia kuantitatibo eta kualitatibo batean oinarritutako diagnostiko parte-hartzailea burutu dute,  “gizarteari lotutako esparru desberdinetan lan egiten duten eragile eta erakunde guztien partaidetza berezia bateratuz”.

gizarte diagnostiko aurkezpen06

Ikerketan, konklusio gisa, zortzi ideia nagusi jaso dituzte eta horietako bakoitzarentzat erronka bat proposatzen da: “Eibarko biztanleek gizarte arloan dituzten premiak eta horien konplexutasuna hazi egin direnez, planteatutako erronka horiek antzematea da, prebentzioa eta esku-hartzea hobetzeko. Zahartzeak eta bakardadeak ere asko arduratzen du jendea eta, horren inguruan, hazten doan adinekoen taldeari estaldura eta arreta egokia ematea, euren etxetik ateratzen ibili barik eta zahartze aktibo bat sustatzea litzateke erronka. Desgaitasuna, mendekotasuna eta gaixotasun mentalak ere hazten doaz eta, hori dela eta, horrelako arazoak dauzkaten beharrei arreta gehiago eskaintzea proposatzen da”. Gizarte-bazterketa, arazo ekonomikoak, substantzia arriskutsuen kontsumoa saihestea eta berdintasuna moduko gaiak ardura gehien sortzen dutenen artean daude.