Herriko preso-ohiekin gosari tertulia antolatu du Ernaik bihar goizerako

0    Berriak, Politika 
Silbia
Herriko preso-ohiekin gosari tertulia antolatu du Ernaik bihar goizerako
2017, Abe 01

Eibarko Ernaiko gazteek Ibon Muñoa herriko preso politikoaren inguruko ekimena jarri dute martxan. Hasteko, bihar (zapatua) Aniaiz Ariznabarreta eta Mikel Zarrabe herriko preso-ohiekin gosari-tertulia antolatu dute, 11:00etan Arrate Kultur Elkartean. Azaldu dutenez, “preso-ohiekin berba egiteko aukera egongo da, kartzelaren eguneroko bizitza zein den hobeto ezagutzeko eta ditugun kezkak eta zalantzak argitzeko. Gazte zein heldu, denok gaude gonbidaturik mahai-inguruan parte-hartzera, gosaria egongo da, eta giro lasai batean hitz egingo dugu”.
Ernaiko ordezkarien berbetan, “gazte ikuspuntu batetik, iruditzen zaigu, orokorrean espetxea ezagutu ez duen belaunaldi baten parte garela, gatazkaren azken urteetan egin garela gazte eta ezezagutza izugarria daukagula kartzelaren inguruan. Gure herrikide Ibon-en egunerokoa zein den zehatzago jakin nahian, kartzelaren ezagutza gazteengana hurbildu asmoz IBONEK SENTI GAITZALA ekimena jarri dugu martxan gazte mugimendutik, errealitate horren gordina ez dadin normalizatu belaunaldi berrietan eta geure babes zein elkartasun osoa iritsi dadin Ibonek egunero bizi dituen barrote eta ziega hotzetaraino. Kartzela, ziega, hotza, iluntasuna eta pertsonaren desagertze emozional psikologikoa. Ez dugu begibistatikgaldu behar hau dela 2017an horren gizarte “aurreratuetan” egunerokoan bizi den errealitate bat. Diziplina, ordutegi finkoa, erregularra, makinak nola, masa otzana, gorputzaren erabilera mugatua… hau eta gehiago da presoek bizi behar duen egia gordina, tarteko funtzionario listoren baten irainak, komentario sexistak edo jipoiak ahaztu barik. Ezin dugu hau besterik gabe pasatzen utzi, gazteek jakin behar dute herrian oraindik ere badagoela egoera hau bizi duenik, etor daitezela eskatzen diegu eta animatu daitezela ekimenean zehar proposatuko ditugun jarduera ezberdinetara”.
Ekimenaren harira beste jarduera batzuk egingo dira aurrerago: eskutitz bidalketa, babesa emateko bideo baten grabazioa, manifestazioetara deialdiak…

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »