Iker Rokandio: “Gure kontra holako ankerkerixarekin zergaittik jokatu daben ezin leike ulertu”

Iker  Rokandio:  “Gure  kontra  holako  ankerkerixarekin  zergaittik  jokatu  daben  ezin  leike  ulertu”
09 Aza
6:43

Bestien onerako jardutiagaittik kartzela zigorra jasotzia ezin leike ulertu ezta siñestu be. Halanda be, Pasaiako alkatia izan zan Amaia Agirregabiriari eta haren idazkarixa izan zan Iker Rokandio eibartarri gertatutakua holan laburbildu leike: Pasaian 2013. urtian trafiko liskar modura hasi zan arazua, hainbat faktore tarteko korapillatzen juan eta iraillian Gipuzkoako Auzitegixak emondako sententzia ekarri dau bueltan: bi urte eta erdiko espetxe zigorra eta inhabilitaziñua bixendako. Kartzelara sartzeko zain, Iker Rokandiori zer pasau dan kontatzeko eskatu detsagu.

– Nola ailegatu zarete egoera honetara?

Teorian suposatzen da guk udaltzaiñeri epaitegixan lekuko moduan ez agertzeko agindu detsagula eta, beraz, horren arabera “justizia oztopatzia” delitua egotzi deskue. Praktikan, baiña, gauzak beste modu batian izan ziran. Abiapuntua 2013ko otsaillian automobilla txarto aparkau eban andra batekiko gehiegikerixa, bi udaltzaiñen jardun oso eskasa da. Kontua da andriak bihar ez eban tokixan laga ebala kotxia, garaje bateko pasabidian, eta kotxe billa juan zanian bi udaltzaiñak momentuan kobrau nahi zetsela isuna, bestela automobilla hartzerik ez zekala, garabiak eruango ebala… Hori guztia andriak Musika Eskolatik jaso barri zittuan ume bixak aldamenian zekala pasau zan, demaseko iskanbilla sortu zan, umiak negarrez, jendia inguruan pillatzen… Berez, legiak ez dau ahalbidetzen holako jokabiderik, nahiz eta udaltzaiñak andriari erreglamenduaren arabera jokatzen ari zirala esan. Edozelan be, udaltzaiñak egoeria oso txarto kudeatu eben eta ordurako multia pagauta zekan andria keja horrekin etorri jakun udalera. Bixen bittartian, udaltzaiñak andriaren kontrako salaketia ipiñi eben, hutsegite-epaiketia abiarazitta. Letradu moduan andriaren abokatuarekin berba egin neban eta berak esan zestan andriaren kontrako salaketia eginez gero orduan berak udaltzaiñak salatuko zittuala. Hori jakinda, eta alde bixen hobebeharrez, onena epaitegira juan barik arazua konpontzia izango zala pentsau genduan. Lehelengo eta behin fiskalarekin berba egitten ahalegindu giñan, udalak herritarraren kontrako salaketia geratu nahi ebala esateko, baiña holako epaiketak ez dake garrantzi haundirik eta ixa azken uneraiño ez dabe fiskalik izendatzen. Horregaittik, udaleko idazkari titularrak berba egittia lortu ebanerako, epaiketia ixa gaiñian eguan eta geratzeko aukerarik ez eguala azaldu zetsan. Halanda be, salaketia ipiñi eben udaltzaiñak epaiketara agertzen ez baziran, orduan andriari absoluziñua emongo zetsela azaldu zetsan.

– Hortik, beraz, alde bixen artian ados ipintzeko zuen ahalegiña…

Alde bixen arteko adostasuna ahalik eta errezen lortzeko asmuarekin idatzi bat preparau neban eta, udaltzain bixekin bizpahiru orduz bilduta egon eta gero, emaitza  eurekin batera adostutako agirixa izan zan. Ordurako, eta zurrumurruak tarteko zirala, udaltzaiñak bazekiten udalak ez ebala begi onez ikusten euren jokabidia eta zigor espediente batekin zigortuko zittuen beldur ziran, buruan ideia edo beldur hori sartuta zeken. Billeran idatzixak jasotzen ebanaren inguruan jardun genduan berbetan eta, bestiak beste, euren jokabidia zuzena izan zala jasota eguanez, horrek euren kontrako zigorrari atiak ixten zetsazela ikusitta, euren onerako formalki negoziatu zan agiri horreri oniritzixa emon zetsen.

– Eta adostutako agiri hori izan da, hain zuzen, zeuen kontra erabilli dabena, ezta?

Pentsa! Amaia eta bixok kontu honekin ahaztuta geguazela, handik sei hillebetera, hotzian, agiri hori eskuan Fiskaltzara jo eben udaltzaiñak, gure kontrako salaketia ipintzera, epaitegira ez juateko agindua emon zetsagula eta justiziari trabak ipintzia leporatuta. Batek daki zeiñek mugiduta etorri ziran sei hillebete pasau eta gero horrelako kontuarekin, baiña guk beraien atzetik besteren bat gure kontra egitteko bultzaka ibilli dala pentsatzen dogu. Edozelan be, gu kondenatzeko dokumentua bazeken, gaiñera nik neuk emana. Zer egitten neban konturatu barik, gauzak ezin errezago ipiñi netsazen, arazua ahalik eta azkarren eta onduen konpondu nahixan gixajo baten moduan jokatu neban eta nik oparitu netsen guri tiro egitteko erabilli daben tresna hori.

– Justizia oztopatu zenduela leporatuta, epaiketara juan ziñazien eta zigorra be ipiñi zetsuen…

Bai, urtebeterako inhabilitaziñua eta urtebeteko kartzela zigorra, baiña kartzelara juateko bihar barik. Inhabilitaziñua, gaiñera, oso konkretua zan. Amaiaren kasuan alkate izateko inhabilitaziñua eta nere kasuan idazkarixa izatekua. Ordurako Amaiak alkatetza lagata zekan eta ez zekan atzera be aurkezteko asmorik eta nik letradu moduan jardun dot normalian, une hartan ni idazkari karguan egotia titularra bajan egotiak ekarri eban eta. Epaiketa horretan ni libratzia oso gatxa zala argi ikusi neban, baiña Amaia zigorretik libre geratzeko esperantza banekan, nigan zekan konfidantzak gidatuta nik emondakua siñatu, besterik ez ebalako egin. Horregaittik mingarrixa egin jatan bixak zigortzia. Halanda be, dana hortxe amaittuko zala pentsau genduan, epaiketa eta gero udaltzaiñen ohoria salbu eguan, eurak irabazi ebela esan geinkian. Ez genduan iñundik iñora espero gure kontra horren gogor egitten segiduko ebenik, are gitxiago fiskaltzak berak sententzia errekurridu ez ebanian.

– Zer gertatu zan ba hasierako zigorra baiño askoz gogorragua dan bigarren hori ezartzeko?

Udaltzaiñetako batek aurrera segidu eban prozesuakin eta, epailliak emondako sententzia errekurridu eban. Benetan be oso gatxa da holako ankerkerixarekin zergaittik jokatu daben ulertzia. Zelako interesa euki leike gu kartzelan sartzia lortu arte gure kontra holan segitzia? Hori ikusitta, udaltzaiñen atzetik besteren bat ibilli dala pentsatzeko arrazoiak badakaguz. Amaia beste alderdi bateko alkatia izan ezkero holakorik ez zan gertatuko.

– Legiak gu babesteko badagoz, zelan da posible zeuen kontra holan juatia nahi izan dabeneri hori ahalbidetzia?

Lehen epaiketia lehen instantziako epaitegixan izan zan, lasai berba egitten laga zeskun epaille baten aurrian deklarau genduan eta epailliak zigorra guk esandakuak entzun eta gero ezarri eban. Harek udaltzaiñak zelakuak ziran ikusi eta horren arabera jokatu eban. Baiña bigarren zigorra ezarri dabenak ez gaittue ikusi eta ez dabe guk esandakorik entzun, idatziz jaso dabe kasua eta horretan oiñarritu dira zigorra ezartzeko.

– Gipuzkoako Auzitegixak kartzela zigorra ezarri zetsuela ixa hillebete bi igaro dira, badakizue noiz sartu biharko dozuen kartzelan?

Ez dakagu fetxarik, baiña pentsatzen dot hillaren amaiera aldera izan leikiala. Berez zein kartzelara juan gure esku dago eta nire kasuan Zaballoko kartzela aukeratuko dotela uste dot, Martutenekua baiño barrixagua izanda han hobetoegongo naizela pentsatzen dot. Edozelan be, han sartu eta neure burua kokatzeko desiatzen nago ixa, zain egotiak sufrimendua luzatu baiño ez dau egitten. Horregaittik zenbat eta lehenago sartu, orduan eta azkarrago hasiko gara zigorra betetzen eta 3. gradua lortu ahal izateko gure esku daguan guztia egitten. Legiak aurreikusittakuaren arabera, 7 hillebete eta erdi betetzian posible da 3. Gradua emotia, baiña aurretik be posible da eta hori lortzen ahaleginduko gara, geure bizitzak ahalik eta bizkorren normaltasun moduko batera bueltatzeko. Lotara bakarrik juan bihar badogu, edo pulsera telematikuarekin ibilli bageinke, behintzat biharrian segitzeko aukeria izango dogu eta zigorra betetzia askoz ariñagua egingo jaku.

– Batzen ari diran siñadurak be hori eskatzeko dira. Lagunduko dabela pentsatzen dozu?

Egixa esateko, guri laguntzeko balixo dabe, lehelengotikan Pasaian eta Eibarren lankidien zein herritarren aldetik jasotzen ari garan babesa izugarri eskertzen dogu, horrek aurrera egitteko indarra eta animuak emoten deskuz, alde guztietatik aillegatzen ari diran alkartasun adierazpen guztiak bihotz-bihotzez eskertzen dittugu Amaiak eta bixok.

iker amaia babes argazki_M28

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »