Irailaren 1ean zabalduko dute Liburutegiko irakurketa talde desberdinetan izena emateko epea

0    Berriak, Kultura 
Ana
Irailaren  1ean  zabalduko  dute  Liburutegiko  irakurketa  talde  desberdinetan  izena  emateko  epea
30 Abu
5:45

Datorren barixakuan, irailaren 1ean, zabalduko dute Eibarko Juan San Martin Liburutegian irakurketa klub desberdinetan izena emateko epea. Euskarazko taldea, erdarazkoa eta, bestalde, haurrei zuzendutako bi irakurketa taldeak eskaintzen ditu Liburutegiak, irakurzaletasuna sustatzeko egiten dituen egitasmoen artean. Beraz, udako oporren ostean, ikasturte honetan irakurzaletasuna lantzeko ideia buruan baldin baduzue, orain daukazu horretarako aukera ezinhobea.

“HARIXA EMOTEN” EUSKARAZKO IRAKURKETA KLUBA

Jarduera horretan idazleak bere liburua irakurri duten irakurleei haren gaineko ideiak, esperientziak eta bizipenak elkartrukatzeko aukera eskainiko die, aurrez aurreko solasaldien bitartez. Izen-ematea irailaren 1ean zabalduko da, barixakua, eta irailaren 7ra arte egongo da zabalik. Saioak urritik maitzera arte izaten dira, hilean behin (astearteetan), 19:00 etatik  20:00etara, Portalean.
Solasaldian parte hartuko duen bakoitzari liburua lortzeko konpromisua hartzen du Liburutegiak. Horretarako, komeni da aldez aurretik izena ematea Liburutegian, telefonoz (943 70 84 37) edo e-mailez (liburutegia@eibar.eus).  Zerbitzua doakoa da. Aurreko urteetan bezala, antolatzailea Juan San Martin Liburutegia da, …eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean. Euskal Idazleen Elkarteak eskaintzen duen programaz baliatuz, idazlea bera dator bere liburua komentatzera. Antxon Narbaizak laguntzen du liburuen mamia ateratzen eta saioak dinamizatzen.
Jarduera hauek egokiak dira, batez ere, liburu jakin baten gainean sakondu nahi duten irakurle taldeentzat. Liburuaren irakurketak sortu dizkien zalantzak, kezkak, hausnarketak, jakin-minak… idazlearekin partekatzeko abagunea izango dute; lehen eskutik jasoko dute irakurri duten lanaren atzean ezkutatzen dena eta idazlearentzat ere parada ezin hobea izango da bere irakurleen interpretazioak, iritziak, sentipenak… bertatik bertara ezagutzeko. Taldearen konplizitatea, elkar ezagutza, garrantzitsua da, beraz. Lehen saioa urriaren 3an izango da eta bertan Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarra egongo da “33 ezkil´”  liburuarekin.

 

ERDARAZKO IRAKURKETA KLUBAK

Talde hauen helburuak literaturan interesaturik dauden pertsonen harremana sustatzea  eta aukeratutako liburuei buruzko iruzkinak egitera animatzea da. Norbanakoaren lana iruzkin, balorazio eta abarren bidez aberasteko aukera ematen zaie irakurleei, balorazio horiek bakoitzarenak, dinamizatzailearenak nahiz klubeko gainerako kideenak izan daitezkeelarik. Antolatzailea Juan San Martin Liburutegia da eta  Peru Magdalena Arriaga da saioen dinamizatzailea. Saioak urritik maiatzera izaten dira, hilean behin, 19:00etatik 20:00etara, Portalean. Zerbitzu hau ere doakoa da, 16 urtetik gorakoentzako da, eta solasaldian parte hartuko duen bakoitzari liburua lortzeko konpromisoa hartzen du Liburutegiak. Horretarako, komeni da aldez aurretik izena ematea Liburutegian, telefonoz (943708437) edo e-mailez (liburutegia@eibar.eus)

Irakurketa taldea2

 

UMEEN IRAKURKETA KLUBA

Klub horren asmoa gurasoek eta haurrek irakurketa konpartitzeko une bat izatea da. Urte bateko umeei eta Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urteko gelako umeei zuzenduta dago, amak edo aitak lagunduta. Entzumena, kontaktua, ikusmena, usaimena eta dastamena literaturara ate ireki bat izan dadila da helburua. Abesti, ipuin laburrak, hitz jokoak, poemak… berreskuratuko dira eta azalerako ipuinetan erabiliko dira, liburuak eskaintzen dituzten baliabideak ezagutuz.
Saioak urria, azaroa eta urtarriletik maiatzera izango dira, hilean behin, eta horretarako Saroa Bikandiren laguntza izango dute. Izen-ematea irailean egin ahal izango da, Juan San Martin Liburutegian, telefonoz (943708437) edo e-mailez (liburutegia@eibar.eus).

Irakurketa umeak

LIBURUEN POLTSA

Klub honen asmoa gurasoek eta haurrek irakurketa konpartitzeko une bat izatea da. Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko gelak eta Lehen Hezkuntzako 1. mailako umeentzat zuzenduta, amak edo aitak lagunduta.
Klub horretan  irakurzaletasuna eta liburuekiko atxikimendua sortzeko ahaleginak egiten dira, jokoen eta dinamiken bitartez, umeen nahiak, interesak eta fantasia pertsonalak abiaburutzat hartuta. Saioak urria, azaroa eta urtarriletik maiatzera izango dira eta Saroa Bikandik gidatuko ditu, hilean behin. Izen-ematea irailean egin ahal izango da, Juan San Martin Liburutegian, telefonoz (943708437) edo e-mailez (liburutegia@eibar.eus)

 

PAPEREZKO HEGOAK

“Paperezko hegoak” izeneko irakurketa klubak tailer bilakatzen dituzte, eta saio bakoitzean irakurritakoa taldeko solasaldian lantzeaz gain, sorkuntza ariketa bat egiten dute.  LHko 3. mailatik 6. mailara bitarteko haurrentzat  pentsatuta dago (interesa erakusten dutenen adinen arabera osatuko da taldea). Urte bukaeran, hilabetero egindako ariketa bakoitzarekin liburu bat osatu, eta gurasoen aurrean aurkezpen bat egiten dute. Liburu bana eramango du haur bakoitzak etxera. Urriaren 18an izango da lehen saioa. Hilean saio bat egingo dute, euskaraz eta dohainik. Izen-ematea Liburutegian, telefonoz (943708437) edo e-mailez (liburutegia@eibar.eus ) egin daiteke irailaren 15era arte. Dinamizatzaile lanetan Peru Magdalenak jardungo du.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »