Barixaku gauean Eirband taldeak 80 eta 90. hamarkadetako doinuekin beteko du Untzagako karpa

Barixaku gauean Eirband taldeak 80 eta 90. hamarkadetako doinuekin beteko du Untzagako karpa
2018/02/07 eta kitto!
Aratoste barixakuan, otsailaren 9an, Eirband  musika taldeak kontzertua emango du Untzagako  karpan, 23:00etatik aurrera. Taldea orain dela bi urte eta erdi sortu zen, musika munduan urte askotako ibilbidea eginda daukaten 4 musikari elkartu eta proiektu berri bat lantzen hasi zirenean. Taldeko  bateria, Iñaki Ortega, eibartarra da, eta askok  ezagutuko duzue Luther, Seafoid, Euskelga eta beste hainbat musika taldeetan ibilitakoa delako. Beste  kideak (Victor, Jon, eta Iñaki) Ermua eta Durangokoak dira. Iñaki Ortegak eman digu taldearen berri.

- Eibarko seilua jarri diozue taldeari.
Iñaki Ortega: Eibarren daukagu operazio-gunea, Legarreko lolaketan, eta horregatik erabaki genuen Eibarri keinu egiten dion izena jartzea, taldean eibartar bakarra egon arren. Orain dela pare bat urte hasi ginen elkartzen, hiru astetik behin, eta berehala geure artean kimika zegoela igarri genuen. Euretako bi elkarrekin jotzen ohituta zeuden, baina beti baseekin jotzen zuten. Bateria akustikoa gehitzea aldaketa izan zen taldearentzat. Geroago teklatua gehitu genuen.
- Zer nolako musika egiten duzue?
80 eta 90 hamarkadetako bertsioak egiten ditugu eta abesti originalak egiten saiatzen gara: Dire Straits, Police, Van Halen, Itoiz, Tam Tam Go, Nacha Pop... Apurtxo bat ahaztuta dauden abestiak dira, baina oso onak, mitikoak. Gure lana ahalik eta hobetoen egiten saiatzen gara –egia esan, urteekin oso perfekzionista bilakatzen zara–, hori kontuan hartuta bakoitzak bere lana eta familia daukagula, eta denbora larregi ez daukagula.
- Aratosteetan Untzagan emango duzuen kontzertua aukera polita da “saltoa” emateko?
Zenbait lekutan jo izan dugu, baina orain iritsi zaigu zulotik irtetzeko momentua. Orain arte produktua sortzen, orrazten egon gara. Gauzak ondo egin nahi ditugu eta uste dugu produktu ona daukagula. Untzagako aukera sortu zaigu eta guretzako urtean etor daiteekenaren irteera puntua da. Izan ere, zenbait gauza ateratzen hasi zaizkigu eta ziur aukera gehiago sortzen joango direla. Aratosteetan jotzeko deitu zigutenean materiala grabatzen ari ginen; 23 abesti inguru ditugu eta soinu onarekin grabatzen ari ginen, lekuetara bidaltzeko eta hortik abiatzeko. Orain kontzertu honetan zentratzen ari gara eta gero grabazioarekin jarraituko dugu.
- Beraz, gustura hartu duzue Eibarren jarduteko gonbitea.
Oso pozik gaude eta jendea animatu nahi dugu. Ondo pasatuko dute garai hartako, gure garaiko abestiak berriro entzuten.

Eirband kartela