Bihar, asteartea, ospatuko dute San Isidro eguna Arraten

0    Jaiak 
Ana
Bihar, asteartea, ospatuko dute San Isidro eguna Arraten
2018, Mai 14

Debabarreneko Landa Garapenerako Debemen elkarteak, Eibar, Elgoibar, Mendaro eta Soraluzeko udalek eta Itziar entidade txikiak lagunduta, San Isidro eguna ospatzeko programa antolatu du aurten ere. Goizeko 11:00etako meza nagusiarekin hasiko dute eguna eta bertan, Joxe Salegi “Lizarreta” eta Jose Luis Gorrotxategi bertsolariek eta Baltzola Anaiak trikitilariek hartuko dute parte. Meza amaitu eta gero, aurreskua eskainiko dute Kezka dantza taldekoek eta jarraian prozesioa egingo dute. Horrekin batera, gure eskualdeko produktoak probatzeko dastaketa egingo dute: Sagarmiña “Getariko Txakolina”, Flysch “Getariko Txakolina”, Txidurri Iturri sagardoa, Mausitxa, Sosola, Egixa eta Goienetxeren gaztak eta libre hazitako Basatxerri ezaugarria daukaten txerrikiak jateko aukera egongo da.

Alkidebak eta Eibar K.E.-ak babestuta jokatuko den San Isidroetako XVI. Aizkolari Txapelketa 12:30ean hasiko da. Parte hartuko duten aizkolariak Arria V.a, Azurmendi, Larretxea, Telletxea, Alex Txikon eta Hodei Ezpeleta dira eta, tartekaturik, harrijasotzaileek saioa egingo dute. Joseba Ostolaza eta Udane Ostolaza aita-alabak eta Hodei Izeta IV.a eta Jakes Izeta V.a aita-semeak jardungo dute. Baserritarrek Kantabria jatetxean bazkalduko dute, 14:30ean eta idi-demak 17:30ean hasiko dira, Oliden, Zubibarri eta Txokolateren idiekin.

Bihar Arratera juan nahi duten guztientzako autobus zerbitzua eskainiko dute. Igotzeko autobusa 10:15ean irtengo da San Juan kaleko autobus geltokitik eta Arratetik jaisteko, berriz, 14:00etan eta 19:30ean egongo da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »