Haurren koko-jantziek alaituko dituzte gaur Eibarko ikastetxe eta kaleak

Haurren koko-jantziek alaituko dituzte gaur Eibarko ikastetxe eta kaleak
2017/02/23 eta kitto!
Gaur (Eguen Zuri) ikastetxeak eta ikasleak izango dira protagonista. Ikastetxe guztietan Eguen Zuri ospatzeko ekitaldi bereziak egingo dituzte, eta 15:30etik aurrera ikastetxeen kalejirak hasiko dira. 17:00etan, Urkizutik hasita Untzagaraino kalejira egingo dute, Jainaga eta Narbaizarekin. Eta ordu horretan hasiko da Lisker taldeak girotuko duen dantzaldia, Untzagan. Gainera, 17:00etatik 19:00etara Astixaren eskutik beldurrezko karetak eta makillaje tailerrak egingo dira Untzagan.

Ikastetxeek egingo dituzten kalejirak direla eta, erdialdea trafikoarentzat itxi egingo dute, 15:00etatik 21:00ak arte. Horrekin batera, udaltzaingotik aditzera eman dutenez, gaur ezin izango da Amañako plaza txikian aparkatu, “Aratosteak direla eta, auzoan antolatu dituzten hainbat ekitaldi egiteko Brigadak oholtza muntatu behar duelako”.

Bestalde, aratosteak ospatzeko hainbat jarduera antolatu ditu “Amaña es la caña”, Amaña Auzoa Sustatzeko Elkarte eratu berriak: gaur, Amañako herri eskolarekin bat eginda, karroza bat mozorrotuko dute, gai modura itsasoa hartuta eta Untzagaraino kalejiran joango dira, han ikastetxeen kalejirarekin bat egiteko. Kalejira amaitu eta gero, berriz auzora joango dira, han jaiarekin jarraitzeko: txorizo pintxoak jan eta DJ batek girotutako festan ederto pasatzeko aukera izango da.

Biharko, Aratoste Barixakurako antolatu diren jarduerak, berriz, 20:00etan hasiko dira, Urkizutik Untzagaraino joango den Kaldereroen kalejirarekin. 20:30etan kaldereroen abestiak eta dantzak egin eta gero, 21:00ak aldera Aratoste pregoia irakurriko da eta gauean, berriz, 23:00etatik aurrera Cover Band PLACTON taldeak kontzertua emango du.

Taberna eta kalejira lehiaketa
Udalak lehiaketa bi abiatu ditu. Urtero egiten den moduan, Aratosteetan ondoen apaindutako taberna aukeratzeko lehiaketa egongo da. Aratosteetan lokala apaintzen duen Eibarko edozein tabernarik izango du parte hartzeko aukera.
Horrekin batera, Aratoste Zapatuan koadrilen arteko kalejira-lehiaketa egingo da aurten lehenengoz. Parte hartu nahi duten taldeak gutxienez 10 kide izan beharko ditu. Batean zein bestean izena emateko epea gaur amaitzen da, www.eibar.eus udalaren webgunean edo Pegoran (bulegora joanda edo 010 / 943708400 telefonoetara deituta).

XX. Eguen Zuri Argazki Lehiaketa Arrate Kultur Elkarteak antolatuta

Arrate Kultur Elkarteak, XX. EGUEN ZURI ARGAZKI LEHIAKETA antolatu du, besteak beste, aratoste edo Karnabaletako oroitzapen fisikoa gera dadin. Lehiaketa “Aratosteak” (hau da, inauteriak edo karnabalak) lemapean eta gai horrekin lotuta antolatu da. Argazkiek ez dute zertan Eibarko aratoste edo Eguen Zurikoak izan behar. Lehiaketaren oinarriak hemen ikus ditzakezue.