Euria ekarri zigun Arrateko Amak bere egunean

Euria ekarri zigun Arrateko Amak bere egunean
2016/09/09 eta kitto!
Urteroko martxan, bezperatik hasi ziren Arrateko Amaren omenezko jaia ospatzeko jarduerak: arratsaldean herri-kirolak izan ziren protagonista santutegi parean eta, horrekin batera, zelaian triki-poteoaren erritmora zabaldu zituzten txosnak. Gauean herri-afaria egin zuten zelaian eta Kantabria jatetxeak, berriz, …eta kitto! Euskara Elkarteak urtero antolatzen duen bertso afaria hartu zuen. Eta bezperako egitaraua ixteko, Niña Coyote & Chico Tornado, Belako eta Lagrimas de Sangre taldeek bata bestearen atzetik kontzertua eman zuten (bezperako argazki bilduma gure mediatekan ikusgai daukazue). Aurten, baina, euria ekarri digu Arrateko Amak bere egunean: goizean goizetik euriak Arrate busti zuen eta, horren eraginez, aurrek ourteetan baino jende gutxiago ibili zen egun osoan. Hala ere, betiko moduan meza nagusiak, prozesioak eta Kezka dantza taldearen dantzek batu zuten jende gehien eguerdi aldera, arratsaldeko dantza solte txapelketarekin eta Egan taldearen dantzaldiarekin batera (Arrate eguneko argazki bilduma mediatekan ikusgai). Parranda luzatu nahi izan zuenak, bestalde, horretarako aukera izan zuen Las Tea Party-k zelaian eskainitako saioari esker.
Jaien errepikapena hartuko du Arratek domekan, Kofradixa eta Baserritar Jubilatuen egunean. Egitaraua goizetik abiatuko da, 10:30ean Klub Deportibotik irtengo den Simon Aldazabal XX. Antxitxiketaldiarekin. Meza nagusia 11:00etan izango da, bertsolariekin eta Arrateko ezpata-dantzariekin eta, ondoren, prozesioa egingo da, Usartza Txistulari Taldeak lagunduta. 12:00etan paella lehiaketa hasiko da (sariak 14:00etan banatuko dituzte). Kantabrian, berriz, baserritar jubilatuendako bazkaria egingo da eta, jaia agurtzeko, 17:30etatik aurrera idi-probak jokatuko dira probalekuan.