Festarako prest? Badator San Andres!

Festarako prest? Badator San Andres!
2017/11/24 11:00
eta kitto!
Ondo lotu abarkak Sanandresak indartsu datoz-eta. Gaur hasi eta hilaren 30era arte hainbat eta hainbat ekintza egingo dira gure herrian, baina aurretik ere joan da giroa berotzen. Aurten ere, nola ez, azoka nabarmenduko da eta, urtero bezala, baserriko giroa ekarriko dute herriko kaleetara Euskal Herri osotik etorritako ekoizleek. Fruituak, ortuko produktuak, esneki eta gainontzeko jakiez gain, dantzak, musikak, bakailaoak eta txistorrak ere emango dute zeresana datozen egunotan.

 

Janariak aparteko protagonismoa dauka euskal gizartean eta jaki gozoez sabela betetzea ezinbestekoa da edonolako ospakizunetan. Azokaren inguruan ospatzen den jaia izanda, gastronomiak toki handia betetzen du Sanandresetako egitarauan eta denetariko jakiak probatzeko hainbat aukera eskaintzen ditu.

Sanandresei oso lotuta dagoen produktua da bakailaoa. Bakailaoaren Kofradiak urteko egun hauetan ospatzen ditu bere ekintza nagusiak eta aurtengoa 25. aldia izango da. Data bereziaren aurrean, I. ‘Bacalaos Alkorta’ pintxo lehiaketa antolatu da aurten eta Durangoko ‘Kobika’ jatetxea izan zen joan den zapatuan egindako txapelketan ‘Codwich’ proposamenarekin gailendu zena. Euskal Herri mailako txapelduna (Hondarribiko Gran Sol), Arabakoa (Borda Berri), Gipuzkoakoa (Zazpi), Bizkaikoa (Kobika), Nafarrokoa (Iruñeko Baserri Berri) eta Elgoibar (San Roke), Ermua (Frankfurt) eta Eibarkoa (Kultu) lehiatu ziren, eta bakoitzak bere proposamena zuzenean prestatu zuen udaletxeko patioan.

“Bakailaoa koilara edo tenedorearekin jan ahal izateko prestatzen da zerbait normalean, baina eskuarekin jateko egin nahi izan dut”, adierazi zuen Iñigo Kortabitarte sukaldari irabazleak. Ogirik gabeko sandwicha prestatu zuen, bakailaoak ordezkatzen zuelako ogia. Txangurroarekin estali zuen eta bakailaoaren azal frijituari ogiaren azalaren itxura eman zion.

Bakailaoaren egun handia, hala ere, domeka honetan iritsiko da, hilaren 26an. Bakailaoaren Kofradiaren XXIV. Batzar Nagusia egingo da eta goizeko 10:00etan ekingo diote egitarauari. Hasteko, ongi-etorria emango zaie gerturatutako kofrade guztiei eta hamarretakoa egingo dute Ipur Sagardotegian. Usartza Txistulari Taldearen laguntzarekin kalejiran irtengo dira 11:30etan Portaleraino eta 12:00etan hasiko da han Kapitulua. Aurten Nekane Muguruza judoka, Cesar Huerta ATS-a eta ale honetan elkarrizketatu dugun Mireya Etxaluze astrofisikaria izendatuko dituzte ohorezko kofrade eta, ondoren, Goruntz Abesbatzak emanaldia eskainiko du ekitaldiari amaiera emateko. Portaletik Ipur Sagardotegira bueltatuko dira berriz lagun eta kofrade artean bazkaltzeko.

 

Bakailaoaren aurretik, pintxoak eta txistorra

Bakailaoa ez bazaizu gustatzen, lasai, aukera gastronomiko zabala izango duzu eskura Sanandresetan. Aste honetako martitzenetik eguenera Eibarko tabernarien arteko San Andres Saria XVI. Pintxo Lehiaketa egin da Arrate Kultur Elkarteak antolatuta, eta 26 tabernek pintxo bereziak prestatu dituzte bezeroak harritu eta gustu zaporetsuak eskaintzeko. Gaur emango dira jakitera irabazleen izenak.

Pintxoen ostean, txistorra. Bihar egingo da Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen XV. Txistorraren Eguna eta bi gurpilen maitaleek hainbat ekintza antolatu dituzte goizetik gauera. Txapligu eta txotxarekin emango zaio hasiera egunari Fernando Barrutia eta Eibarko Udaltzaingoaren eskutik 12:15etan Untzagan. Goseari eta egarriari aurre egiteko, 12:30etan hasiko da txistorra eta edari salmenta. Elgoibarko dultzaineroek plazako karpa eta inguruak girotuko dituzte 12:30etik 14:30era, eta antolatzaileek atsedena eta jatekoa hartzeko aukera izango dute Kamarroak elkarte gastronomikoak 15:00etan. Indarrak berritu ostean, txistorra eta edarien salmenta hasiko da berriz 18:30etan 21:00ak arte, “musika eta giro atseginean”, antolatzaileen berbetan. Egunari amaiera emateko, azkenik, 4.000 euro banatuko dira saritan 21:30etan hasiko den zozketan.

 

Musika eibartarra eta dantza

Jan eta edandakoa arintzeko aukera ere egongo da Sanandresetan. Dantza eta musikak herriko kaleak girotuko dituzte egun hauetan eta herritik irtendako proposamenak izango dira nagusi. Gaurko eguna ikuskizunez beterik dator, beraz, badago euskal kulturaz gozatzeko aukera ederra.

Goi-mailako bertsolariak batuko dira gaur 19:00etan Portalean egingo den San Andres Bertso Jaialdian. Andoni Egaña, Alaia Martin, Miren Amuriza eta Sustrai Colina bertsotan arituko dira Jon Mikel Mujikaren gidaritzapean, gaur egun inon ikusi daitekeen bertso-kartel onenetarikoa osatuz.

Jaialdi handiarekin hasi aurretik, 18:30etan, San Andres Bertso Paper lehiaketaren sariak banatuko dira. 16 urtetik gorakoen mailan Jesus Mari Gisasola “Trunboi” izan da aurtengo San Andres Bertso Paper lehiaketako irabazlea. Donostian bizi den eibartarrak 300 euro eta txapela jasoko ditu. Bigarren saria Oreretako Iñigo Legorburuk eskuratu du, eta 250 euroko saria eta plaka emango dizkio ‘…eta kitto! Euskara Elkarteak’. Gazteen mailari dagokionez, Eneko Osorok jantziko du txapela eta bigarren saria, berriz, Peru Alberdik eramango du etxera.

Bertso jaialdiaren ordu berean, 19:00etan, gitarrarekin eskuan ikusiko dugu Maddalen Arzallus bertsolaria Arkaitz Allur trikitilariarekin dantzaldi-erromeria kosmikoa eskaintzeko Toribio Etxebarria kalean (euria eginez gero, Untzagako karpan). Lotuan, soltean, kontradantzan edota jauzi eginez dantzan ondo pasatzeko ikuskizuna prestatu du bikoteak Patxi Monteroren gidaritzapean.

Musikaren lekukoa hartuz Eibarko hiru musika-talde arituko dira 21:00etatik aurrera karpan. Kvalvika, Garrapata eta Cobrak elektronika, punk eta rockaren eremuetara eramango gaituzte, herrian dagoen sormenaren erakusle. David Karbaren proiektua da Kvalvika eta urtarrilean kaleratu zuen bere lehen EP-a. Orain bere lana osatu du eta, lehen lanaz gain, ‘I’m your social betwork. I’m your talent show’ bere bigarren lana aurkeztuko du Untzagan Andoni ACE gitarra-jolearekin batera. Garrapata, bere aldetik, 2004an sortutako punk taldea da, eta eurek sortutako eta Eskorbuto, R.I.P., Cicatriz eta beste hainbat talderen abestiak eskainiko dituzte karpan. Cobrak, bestetik, hamar urteko ibilbidea dauka rockaren munduan eta eszenatoki handienetan aritu da azken aldian. Talde eibartarrak kritika bikainak jaso ditu han eta hemengo jaialdietan eskainitako kontzertuetan, musika eta zinea uztartuz eskaintzen duen primerako proposamenaren erakusle.

Egun batzuetako atsedenaldiaren ostean, hilaren 29an, San Andres bezperan, DJ Xaiborrek dantzaldia eskainiko du Untzagan 18:30etatik 21:00etara, herriko gazte zein helduak dantzan jartzeko asmoarekin.

 

Salmenta postu gehiago aurten

San Andres bezperako gaua berezia (eta luzea) izaten da askorentzat, koadrilan afaltzeko bildu eta ondo pasatzeko aukera paregabea, baina San Andres Egunak goizean goizetik eskainiko du egitarau zabala. Euskal Herri osotik etorritako ekoizleek 78 postu jarriko dituzte, iaz baino lau gehiago, Untzagan eta Txaltxa Zelaian XXXIX. San Andres Nekazal Azoka osatzeko. Ganadu eta beste abereen erakusketa, berriz, Toribio Etxebarria kalean ipiniko dute.

Eguerdian aizkolarien txapelketa egingo da Toribio Etxebarrian. Ernesto Ezpeleta ‘Bihurri’, Alex Txikon eta konpainia bikoteka arituko dira lehian. Helduen kasuan hiru bikotek hartuko dute parte; gazteak, berriz, bi bikote izango dira.

Aizkolarien ordu berean German Meabebasterretxea eta Jose Luis Gorrotxategi bertsolariek, eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariek emanaldia eskainiko dute Untzagan. Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako trikitilariek, bestalde, kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar eta, musikarekin jarraituz, 12:30etan Plazara Dantzara erromeria egingo da Untzagan Kezka Dantza Taldearen eskutik, Jainaga eta Narbaizarekin.

13:00etan San Andres Azoka, Pintxo Txapelketa eta Kartel lehiaketako sariak banatuko dira azokari amaiera emateko, baina ziur jai-giroak bizirik jarraitzen duela San Andres Egunean.

 

Sanandresak Gaztetxean ere

Jaixak Herrixak Herrixandakok ere Sanandresak modurik onenean ospatzeko egitaraua antolatu du. San Andres bezperan zentratu ditu ekintzak kolektibo honek, gauari etekin handiena ateratzeko. Gaztetxean egingo dira ekintzak, baina bertan bilduko direnak batzeko elektrotxarangarekin kalejira hasiko da 19:00etan Untzagatik. Jai-giroan murgildu ostean afaria egingo da 21:00etan eta, ondoren, bingoa. Bingo berezia izango da, tribial antzekoa, eta herriko eragileen inguruan egingo diren galderak erantzun beharko dituzte parte-hartzaileek.

‘Bingo’ oihukatu eta gero, 23:00etan, erromeria egongo da ‘Parrapas’ taldearen eskutik eta musikak gaua girotzen jarraituko du horren ostean.’Parrapas’ taldekoek ‘...eta kitto!’ aldizkariaren 1.033 zenbakian egindako elkarrizketan (14. orrian) aipatu ziguten moduan, jairik jai ibiltzeko sortu dute taldea. Bada, ba al dago herriko jaietan aritzea baino gauza hoberik?