Fibrosi kistikoa dutenei laguntzeko txosna egongo da Arrateko zelaian
2016/09/06
08:16
eta kitto!
Hirugarren urtez jarraian, Eibarko EAJ/PNVkoek txosna solidarioa ipiniko dute zelaian, Arrate egunean, fibrosi kistikoa dutenei laguntzeko asmoz. Jeltzaleek egun osoan jardungo dabe beharrean, txorizo egosi pintxoak prestatu eta saltzen. Horrekin batera, pintxoei laguntzeko edariak ere ipiniko dituzte salgai. Txosnari esker batzen duten dirua aipatutako gaixotasun hori dutenei laguntzeko erabiliko dute. Birikei modu kronikoan eragiten dieten gaixotasunen artean, fibrosi kistikoa agertzen da maizen eta batez ere ume eta gazteak gaixotzen ditu. Eusko Legebiltzarrak 2015eko otsailean gaixotasun arraroei buruz onartu zuen adierazpen instituzionalean jasota dagoen gaitz honek hainbat kasutan heriotza ere eragin diezaioke gaixoari. Azken urteotan Arrateko jaien aitzakiarekin hainbat elkarteri laguntzeko txosna ipini dute jeltzaleek: orain dela urte bi ELA (Esklerosi Lateral Amiotrofikoa) gaixotasunak eragindakoei laguntzeko erabili zuten txosnan bildutako dirua eta iaz, berriz, GENE gaixotasun neuromuskularren Gipuzkoako elkartekoei eman zieten dirua.