Koadrilek San Juan jaietarako materiala erosteko epea zabalik dago ekainaren 8ra arte

0    Gizartea, Jaiak 
Ana
Koadrilek San Juan jaietarako materiala erosteko epea zabalik dago ekainaren 8ra arte
31 Mai
2:07

San Juan jaietarako gazte koadrilei ematen zaizkien diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik dago astelehenaz geroztik. Udaleko Kultura Batzordetik gogorarazi dutenez, “ez dago ez adin mugarik, ez koadrila bakoitzeko kide kopuru mugarik. Hori bai, koadrilen izenak eta kamisetetako esloganak edo mezuak euskaraz izan behar dira”.
Eskaera egiteko honako pauso hauek jarraitu beharko dituzte gazteek: kamisetak, instrumentuak edo bestelakoak erosiko diren dendetan aurrekontua eskatu beharko dute; aurrekontuan enpresaren izena, telefonoa, helbidea, posta elektronikoa eta IFK agertu beharko dira, zer erosiko den eta zenbateko kostua (BEZ barne) izango duen zehazteaz gain. Baldintza horiek betetzen dituen aurrekontua eskuan, taldearen izena eta ordezkariaren izena eta kontaktua Kultura Sailean (Portalean, 1.  solairuan) entregatu beharko dituzte edo, nahiago izanez gero, posta elektroniko bidez kultura@eibar.eus helbidera bidali.
Eskaerak jasotzeko epea ekainaren 8an, 12:00etan itxiko dute. Jarraian udalak proposamen guztiak aztertuko ditu eta aurrekontuan diru-laguntza horietarako duen dirua taldeen artean banatuko du. Koadrila bakoitzari zenbat egokitu zaion jakinaraziko diotela aurreratu dute.
Koadrila bakoitzak ekainaren 29a baino lehen Kultura Sailera bidali beharko ditu fakturak (fakturan eman zaien zenbatekoa agertuko da, BEZ barne eta Eibarko Udalaren izenean egingo da, IFK: P2003100A). Bestalde, gastua ordaindutakoa baino handiagoa izanez gero, aldea koadrilak ordaindu beharko duela argi laga nahi dute. Informazio gehiago nahi izanez gero zuzenean Kultura Sailera jo dezake (Portalean, 1.  solairuan), 943708435 telefonora deitu edo kultura@eibar.eus helbidera idatzi.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »