Jaime Altuna, soziolinguista: “Mintegiak Euskal Herri osoan garatzen ari diren ekimenen berri ematen du beti”

Jaime Altuna, soziolinguista: “Mintegiak Euskal Herri osoan garatzen ari diren ekimenen berri ematen du beti”
2018/02/19 eta kitto!
Euskararen Transmisioa VIII. Mintegia hartuko du Portaleak martxoaren 7an. Goiz osoan zehar geure hizkuntzari lotutako gai eta esperientzia ezberdinak bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea izango da aurten ere, ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatu duen hitzaldi-sortari esker. Agurtu aurretik, hizlariekin mahai-ingurua egingo da eta hori dinamizatzen izango da Jaime Altuna.

- Mintegia antolatzen hasi zenetik, ia urtero egon zara parte hartzen. Zure ustez, nolako garapena izan du?

Bai, egia esan ia urtero bertan egoteko gonbidapena jaso dut eta hala izatea eskertu behar dut, Mintegia oso interesgarria suertatzen baitzait. Nire ustez, urte guzti hauetan formatuan aldaketarik egin gabe Mintegiaren interesari eustea lortzen dela, hori da antolatzaileek daukaten meritu handiena. Urtero lortzen dute hizlari eta ekimen interesgarriak ekartzea.

- Zure esperientzian oinarrituz, zer azpimarratuko zenuke Mintegiaren inguruan?

Antolaketa lana, hori nabarmenduko nuke. Izan ere, …eta kitto! Euskara Elkarteak egiten duen lan txukuna azpimarratu behar da. Horrekin batera, Mintegian praktika eta teoria uztartzeko egiten den ahalegina aipatu behar da. Bertan entzun dira gerora dezente zabaldu diren “transmisioari” lotutako ikuspegi berriak edo kontzeptuak: hizkuntza-sozializazioa, belaunaldien arteko elkarrekintza eta beste asko.

- Zeinentzat ikusten duzu bereziki gomendagarria?

Euskararen biziberritzearen inguruan interesa duen edonorentzat interesgarria eta gomendagarria dela pentsatzen dut: euskalgintzako kideak, irakasleak, euskara teknikariak… Mintegi honetan urtero Euskal Herrian zehar garatzen ari diren oso ekimen interesgarriak ezagutzeko parada izateaz gain, euskararen jarraipenari begira dauden pertsonen hausnarketak entzuteko eta solasaldietan parte hartzeko aukera izaten da. Gainera, oso formatu handiko mintegia ez denez, entzuleek ere parte hartzeko aukera polita izaten dute, hala nahi izanez gero.

- Aurten ere moderatzaile izango zara mahai-inguruan. Pentsatu duzu nondik nora joko duzun edo zein gairi helduko diozun?

Mahai-ingururako lehen ideiekin zirriborro modukoa egin dut, baina ez nuke gehiegi aurreratu nahi, sorpresarako tartea izatea komeni baita. Dena dela, aurtengo Mintegiaren ezaugarri oso interesgarri bati heltzeko asmoa daukat: geografikoki “euskararen ertzetan” kokatu daitezkeen errealitateak aurkeztuko dira. Gainera, mahai-inguruko kide guztiak Arabatik etorriko direnez, bertan egiten ari diren lanak eta hausnarketak plazaratzeko aukera aparta izango da.