Jeltzaleek herritarren proposamenak jasotzeko mahaia ipiniko dute bihar Jardiñetan

Jeltzaleek herritarren proposamenak jasotzeko mahaia ipiniko dute bihar Jardiñetan
2016/07/18 17:38
eta kitto!
Eibarko EAJ-PNV udal taldeak herritarren proposamen eta iradokizunak jasotzeko asmoz 2014an abiatu zuen "Lagundu Eibar Hobetzen" ekimenari heldu dio berriz ere eta, horri jarraituta, Eibarko hainbat auzotara bisitan joango direla eman dute aditzera: "Aurreko asteko eguaztenean Saratsuegin egon ginen, bihar Jardiñetara joango gara eta datorren astean, berriz, Ego Gainera joateko asmoa daukagu". Ekimenaren harira 2014an herritarren 150 proposamen baino gehiago jaso zituztela azaldu dute, "horietako batzuk EAJ-PNVren 2015-2019 egitasmoari gehitu eta batzorde ezberdinen bitartez bideratzeko beharrean" ari direla gaineratuta. Jeltzaleen berbetan, "ekimenak herritarrengandik gertu egoteko orain dela urte bi hartutako konpromisoari erantzuten dio". Asmo horrekin, nahi duten herritarrei euren proposamenak helarazteko aukera eskaintzeko, bihar 19:00etan Jardiñetan (institutuaren parean) karpa ipiniko dute eta gauza bera egingo dute datorren asteko eguaztenean (uztailak 27), baina Ego Gain kalean (Batzoki parean).
Bestalde, auzoetako bisitekin batera herritarrekin kontaktu zuzena izateko beste bide batzuk ere badituztela gogorarazi nahi dute: "Besteak beste, eajpnveibar@gmail.com helbidera idatzita herritarrek euren kezka eta bestelakoak guri helarazteko aukera ere badago".

eaj sautsin 2