Jokalari batek jota, foball-7ko epaile bat ingresatu zuten Mendaron

Jokalari batek jota, foball-7ko epaile bat ingresatu zuten Mendaron
2017/06/16 eta kitto!
Herenegun arratsaldean Bailarako XX. Foball-7ko Torneoaren barruan jokatzen zen partiduan gertatutakoak eragin zuzena izan du lehiaketa horretako martxan, eta gaur 19:00etan Ipurua kiroldegian bilduko dira parte hartzen duten talde guztien ordezkariak eta txapelketa antolatzen duten Eibarko eta Elgoibarko Kirol Patronatoetako arduradunak. Aipatutako neurketan 18 urteko Aritz Iriondo Elgoibarko epailea Mendaroko ospitalean ingresatu behar izan zuten berak adierazitako penaltiaren eta ateratako txartel gorriaren ondoren zigortutako jokalariak ostikada eman ziolako aurpegian eta, ondorioz, epaileak konortea galdu zuelako. Beti ikasturtearen amaieran jokatzen den torneo horretako hirugarren jardunaldian Sobras Crew eta La Roita taldeek neurtzen zituzten indarrak eta dagoeneko antolatzaileek erasotzaileak jokatzen zuen Sobras Crew taldea torneotik kanporatzea erabaki dute. Bestalde, parte hartzen duten 18 taldeetatik hamar badira min hartutakoari elkartasuna adierazteko txapelketa bertan behera lagatzeko erabakia hartu dutenak. Ertzaintzak ere ikerketa zabaldu du gertatutakoaren inguruan.