Jokin Bergara, Oier Etxeberria eta Urko Arregi sailkatu dira Plazatik Gaztetxera txapelketako finalerako

0    Berriak 
Silbia
Jokin Bergara, Oier Etxeberria eta Urko Arregi sailkatu dira Plazatik Gaztetxera txapelketako finalerako
30 Api
1:04

Aurreko barixakuan jokatu zuten Plazatik Gaztetxera txapelketako finalerdia Eibarko gaztetxetxean Ander Zulaika, Oier Etxeberria, Mikel Iturriotz, Urko Arregi, Ane Peñagarikano eta Jokin Bergara bertsolariek, baina saioaren aurretik Gazte Asanbladako kideek antolatutako afarian 50 bat lagun elkartu ziren. Saioari buruzko kronikan jaso dutenez, “saioa hasterako jende gehiago hurbildu zen gaztetxera, kantatzeko plaza polita osatuz bertsolarientzat. Argi gorriak atzean jarririk, Manu Goiogana aurkezlearen aipamenekin igo ziren bertsolariak oholtzara banan-bana, jendearen txaloen artean. Ohi bezala hasi zen saioa, bertsolarien agurrekin, publikoa eta bertsolariak eurak kokatzeko aukera izanez. Zortziko nagusian hasi zen saioa, txukun aritu ziren bertsolariak eta elkarri erantzuneko ofizio itxurosoak geratu ziren. Zortziko txikian, batzuk biziago besteak motelago, baina jendearen algarak ateratzeko gai izan ziren kantuan zebiltzanak. Puntu erantzunetan, bereziki aipagarria izan zen Urko Arregik Manu gai-jartzailearen puntuari emandako erantzuna, nonbait goia jo bazuen saioak, une horretan izan zen, txalo zaparrada jaso zuen Urkok bere irteerarekin. Kopletan ere bizi eta elkarri erantzunez aritu ziren. Aipagarria Oier Etxeberriak, Urko Arregik eta Jokin Bergarak osatu zuten ariketa, tatuajea egin eta astebetera damututa, tatuajea kentzera joan diren hiru lagunen paperetik. Grazia egitea lortu zuten eta gustora entzun zituzten entzuleek  elkarri esandakoak. Azkenik, saioko azken ariketan bakarka aritu behar izan zuten bertsolariek. Gai irekiak izan ziren orokorrean eta bide ezberdinak asmatu zituzten, agian hau izan zen gorabehera gehien egon zen ariketa, baina ale txukunak ere entzun ahal izan ziren”.

IMG_4411 IMG_4414 IMG_4417 IMG_4421 IMG_4425 IMG_4433 IMG_4437

Bertsolariek lanak amaituta, epaileek emandako puntuek Jokin Bergara, Oier Etxeberria eta Urko Arregi maiatzaren 12an Ondarruan jokatuko den finalean kantatzeko sailkatzea erabaki zuten. Honela geratu zen sailkapena:

  • Jokin Bergara 236 p.
  • Oier Etxeberria 234,5 p.
  • Urko Arregi 230,5p.
  • Mikel Iturriotz 219 p.
  • Ane Peñagarikano 203,5 p.
  • Ander Zulaika 202 p.

Hortaz, Debako beste finalerditik sailkatutako hiruekin batera, eurak arituko dira 7 gaztetxeren artean antolatzen den herri txapelketa honen finalean kantari.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »