Jokin Bergarak jantzi du txapela Plazatik Gaztetxera bertso txapelketako finalean

Jokin Bergarak jantzi du txapela Plazatik Gaztetxera bertso txapelketako finalean
2018/05/14 eta kitto!
Zapatuan jokatu zen Plazatik Gaztetxera bertso txapelketako finala Ondarruko Gaztetxean eta Jokin Bergara eibartarra izan zen txapelduna. Ondarrutarrek bidali duten kronikaren arabera, “politxo joan zen Plazatik Gaztetxera txapelketako final eguna. Goizean goizetik hasi ziren Gaztetxean bazkaria prestatzen Oñatiko lagunak. Eguraldi eskasa zegoenez eta kalean inor ez zebilenez bertan behera laga genuen goizean egin behar zen bertso-poteoa. Hala ere, azkenean espero genuena baino jende gehiago etorri zen eta bazkarirako 40 bat lagun elkartu ginen”.

Saioa 18:00etan hasi zen eta ordurako Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako jendearekin bete zen Gaztetxea. Epaile lanetan Karlos Ibarguren, Ion Martinez eta Maider Arregi ibili ziren eta idazkari lanetan, berriz, Eli Pagola. Gai jartzailea Alexander Idoeta izan zen. Bertsolariak zozketaren ordenaren arabera igo ziren taulara: Oier Etxeberria (Azpeitia), Manex Astigarraga (Deba), Ane Beloki (Legazpi), Jokin Bergara (Eibar), Urko Arregi "Kortxelo" (Oñati) eta Aitor Zubikarai (Itziar). Kronikan jasotakoaren arabera, “hasiera batean 8ko haundian eta 8ko txikian, ofiziotan binaka, bakoitzak bina puntu erantzun, puntutan binaka gaia emanda eta 10eko txikian ofiziotan ibili ziren. Bertsoaldi ederrak entzuteko aukera izan genuen, gehienak umoretik joan ziren, gaiak ere horrelakoak ziren eta. Buruz burukora orden alfabetikoan Jokin Bergara eta Oier Etxeberria pasatu ziren. Estu-estu ibili zen gauza. Buruz burukoan gaiak serioagoak izan ziren: biak 6ko motzean, segidillan minuto bat eta erdi egin arte eta bakarka, gaia emanda. Jokin Bergara izan zen txapelduna. Ondarruko Gaztetxeak bakoitzari OGAko kamiseta bana oparitu zien eta txapeldunari, kamisetaz gain, pasta kaja eder bat. Iluntzean, 20:00ak jota amaitu zen saioa bertsolarien azkan agurrarekin eta emozioz beteta. Azkenean ez zen kontzerturik egin eta, Gaztetxean pixka batean anbientearekin jarraitu eta gero, jende gehiena Berritxura joan zen parrandara”.

Ondarruko Gaztetxekoek eskerrak eman nahi dizkiete bazkaria egin zuten oñatiarrei, gaiak prestatzen laguntzen ibili ziren guztiei (Aissa, Eñaut...), Plazatik Gaztetxera antolatzen ibili diren Gaztetxe eta Gazte Asanbladei, epaile, idazkari eta bertsolariei eta bereziki finala entzutera joan ziren guztiei.

Plazatik Gaztetxera 2018 Finala. Argazkilaria: Asier Rivera. Plazatik Gaztetxera 2018 Finala. Argazkilaria: Asier Rivera.

Plazatik Gaztetxera 2018 Finala. Argazkilaria: Asier Rivera. Plazatik Gaztetxera 2018 Finala. Argazkilaria: Asier Rivera.

Plazatik Gaztetxera 2018 Finala. Argazkilaria: Asier Rivera. Plazatik Gaztetxera 2018 Finala. Argazkilaria: Asier Rivera.