Joxe Enear, idazlea: “Istorio nagusia asmatutakoa da, baina protagonistaren sentimendu asko neureak dira”

Joxe Enear, idazlea: “Istorio nagusia asmatutakoa da, baina protagonistaren sentimendu asko neureak dira”
2017/05/04 eta kitto!
Joxe Enear gaitzizenaren atzean 1970an jaiotako eibartarra dago eta “Mi vida en una mirada” izenburukoa bere lehen liburua da, baina irakurri dutenen artean oso harrera ona izan du. Eleberrian kontatzen duen istorioan egilearen bizipenak eta fikzioa, biak nahastatzen dira. Liburua internet bidez erosteko aukera dago, editorialcirculorojo.com helbidean, eta Eibarren ere salgai ipini dute, ohiko liburudendetan.

- Zure lehen liburua da? Nolatan animatu zara idazten, zerk bultzatu zaitu horretara?

Bai, “Mi vida en una mirada” nire lehen liburua da. Betidanik gustatu izan zait irakurtzea: historia, geografia edota nobelak, denetarik. Orain dela urte batzuk Perura bidaian joan nintzen ni bakarrik, motxilarekin, eta egunerokoa idatzi nuen. Idatzitakoa nire ingurukoen artean zabaldu nuen eta gustora irakurri zuten. Euretako batzuk, gainera, idazten jarraitzeko animatu ninduten. Ni berez ixila eta barnerakoia, kostatu egiten zait jendearekin zabaltzea. Agian horregatik sortu zait nobela hau idatzi eta argitaratzeko behar edo gogo moduko bat.

- Zergatik aukeratu duzu horrelako istorioa? Berez, politika edota terrorismoaren gaia ez zaio oso erosoa egiten askori… 

Gaia zaila eta delikatua da. Txikitatik bizi izan dugu gatazka hau gure inguruan, gertuagotik edo urrutiagotik, eta ia ohitu egin ginen zentzurik gabeko egoera batean bizi izatera. Oraindik ere, telebistan egunero ikusten ditugu bidegabeko egoerak mundu osoan eta horrelakoek ere terrorismoa sortzen dute. Idazteko orduan nire ikuspuntua, besterik ez dut azaldu eta espero dut horrekin inori traba egin edo minik ez egitea.

- Nobela bat izanda ere,  badu loturarik errealitatearekin? Izan ere, besteak beste, Eibar agertzen da… 

Alde batetik, istorio nagusia asmatutakoa da, baina, esaten duzun moduan, Eibar agertzen da, baita Donostia ere. Baita munduko beste leku batzuk ere. Baina, bestalde, nobelan nik bizi izan ditudan egoera eta bizipen asko ere daude jasota. Eta protagonistaren sentimendu asko ere neureak dira edo, bizitzan zehar, neureak izan dira.

- Askok baliatzen dute autoedizioa liburuak argitaratzeko. Zaila da argitaletxe batek argitara ematea?

Nik ere autoedizioa erabili dut, Circulo Rojo-ren bitartez eman dut argitara. Lehen nobela izanik, oso normala izaten da hori. Gaur egun, aurretik ezaguna izan barik oso zaila da agitaletxe batek ezer kaleratzea.

- Zergatik aukeratu duzu Joxe Enear gaitzizena? 

Orain dela hamar urte seme bat (Eneko) eta anai bat (Josetxo) galdu nituen hilabete gutxiko aldearekin. Liburua beraien omenez dago idatzita eta gaitzizena ere beraien izenekin osatutakoa da.

- Orain arte nolako harrera ari du izaten? Esperientzia honen ostean, idazten jarraitzeko asmorik daukazu? 

Esperientzia oso polita da. Egia esateko, nahiko harrituta nago izan duen harrerakin, oso ondo saltzen ari delako, batez ere Eibarren. Segidan igarri dut jendearen afektua eta hori harro sentitzeko, bihotzez eskertzeko modukoa da. Ez dakit etorkizunean zer gertatuko den, beste liburu bat idazteko ideiak baditut, baina ikusiko dugu…