Juan Palacios eibartarraren "Pedalo" filmak irabazi du Zinemaldiko euskal zinemaren saria

Juan Palacios eibartarraren "Pedalo" filmak irabazi du Zinemaldiko euskal zinemaren saria
2016/09/24 19:15
eta kitto!
“Pedaló” Juan Palacios zinemagile eibartarraren lehen film luzeak Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi du Donostiako Zinemaldiaren 64. edizioan. Bestalde, publikoaren saria “I, Daniel Blake” Ken Loachen pelikularentzat izango da.
Kopenhagen bizi den eibartarraren "Pedalo" luzemetraia Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten aurreko asteburuan eta bere lehen luzemetraia da: 71 minutuko iraupena duen lanak hiru lagunek euskal kostaldetik egindako bidaia kontatzen du eta, horrekin batera, zine zuzendari hasiberri batek egiten duen bidaia paraleloa. Aurreko barixakuan Zinemaldian estreinatu zuten lana 2012ko udan filmatu zuten, Kopenhagen zegoela sortu zitzaion ideiari jarraituta. Baina grabazio lanarekin hasi eta aurreikusitako ezer ez zen bete eta, besteak beste, euskal kostaldetik pedalo batean bidaiatzeko zailtasun ugari dagoela konturatu zen zuzendaria. Hala ere, ehun ordutik gora grabatu zituzten eta, material guztia hartuta, Kopenhagera bueltatu zen Palacios. Han zegoela, filmatutako irudiei buelta batzuk eman eta, hasierako asmoa albo batera laga eta gero, estreinatu berri duten lana pausoz pauso muntatzen joan zen, artisau erara. Nazioarteko jaialdian saria eraman duen lana etxean, ordenagailu eramangarri batean editatu du eta ekainean amaitu zuen lana. Luzemetraian parte hartu duen lantaldea ere oso txikia da, bere arrebak eta lagun batzuk osatutakoa.
Palacios ikus-entzunezko ikasketak osatzeko asmoz joan zen Danimarkara orain dela bost urte eta harrezkero han bizi da, Kopenhaguen. Orain arte hainbat sari jaso ditu lan laburragoekin: CTL-Imagen y Sonido Iruñeko eskolak antolatutako Europako "59 segundos" ikus-entzunezko lehiaketan birritan jaso du saria eta, horrez gain, bere lanetako bat Madrilgo Reina Sofia Museoaren bideo bildumarako aukeratu dute.