Kalean lo egiten dutenei buruzko datuak bildu dituzte

Kalean lo egiten dutenei buruzko datuak bildu dituzte
2016/10/28 12:54
eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute udaletxean egoitza-bazterketa egoera larrian dauden herritarren inguruan berriki egin duten azterketa Idoya Sarasketa Gizartekintza zinegotziak, Jaione Azkue Gizartekintza teknikariak, Ione Morras Inmigrazio teknikariak eta azterketa egiten ibili diren boluntarioetako bik, Diakite Abdoulayek eta Dauoda Thiamek. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, "Eusko Jaurlaritzak, 2013. urteaz geroztik, gizarteak baztertuta lagatzeko arriskuan daudenen inguruko ikerketak egin ditu urtero eta aurten Eibarrek ere parte hartu du lehenengoz. Izan ere, orain arte batez ere hiriburu eta hiri handienetako datuak jasotzen ibili dira, baina zenbat eta hiri gehiagok parte hartu orduan eta emaitza adierazgarriagoak lortuko dituztela eta, uztailean gonbidapena jaso genuenean parte hartzera animatu ginen". Eibarren moduan, 24 herritan ibili dira datuak batzen eta, horri esker, azterketako emaitzek EAE-ko populazioaren %65 inguru ordezkatuko dute.
Eusko Jaurlaritzak berak eta ikerlanaz arduratuko den SIIS-ek emandako irizpideei jarraituta jardun dute udaleko ordezkariek zein boluntarioek: "Nepaldarren elkartetik, Senegaldarren elkartetik, Kaleratzeak Stop plataformatik, Egoaiziatik, ikasleak… 22 boluntario ibili dira azterketa egiten laguntzen eta benetan eskertu nahi diegu musutruk egin duten ahalegina". Aste honetan, eguaztenetik eguenera bitarteko gauean herriko kaleetan ibili dira boluntarioak, taldeka, kalean lo egiten jenderik zegoen ala ez begiratzen eta, norbait aurkituz gero, galdetegi bati erantzuteko eskatzen. Erantzundako galdetegi horietako datuek osatuko dute, hain zuzen ere, azken emaitza eta ondorioak batuko dituen ikerketa-lanaren oinarria. Horretan jardun zutenek azaldutakoaren arabera, Eibarren lau lagun aurkitu zituzten kalean lotan, andrazko bat eta hiru gizonezko eta, eurengana jo zutenean boluntarioek arazorik ez zutela izan eta galdetegiei erantzuteko prest egon zirela adierazi dute. Agerraldian parte hartu duten boluntario biak, berriz, oso pozik daudela esan dute, "horrelako azterketa batean parte hartzeko aukera eman digutelako. Aurrerantzean ere boluntario modura jarduteko eta ahal dugun heinean laguntzeko prest gaude". Agurtu baino lehen Dauodak bereziki pozik dagoela azpimarratu nahi izan du, "nire taldeak ez zuelako inor aurkitu kalean lo egiten, horrek poztu nau gehien".

kalean-lotan-ikerlan-7boluntarioak