Mendi-Tour film jaialdiko onena gaur eta eguenean Coliseo Antzokian
2016/04/26
10:05
eta kitto!
Gaur (apirilak 26) eta eguenean, apirilak 28, Mendi-Tour Bilboko mendi film-jaialdiko onena ekarriko digute Coliseora Klub Deportiboko mendi taldekoek. Gaur iluntzean, 20:30ean, 9 minutu irauten duen “55 hours in Mexico” (euskeraz eta gazteleraz azpititulatuta), 37 minutuko “Urzulo” Bilboko jaialdiko euskerazko film onena eta 73 minutuko “Jurek” (euskeraz eta gazteleraz azpititulatuta) jaialdi bereko alpinismoko film onena eskainiko dira.
“Urzulo” Xanti Ugarteren lanak Euskal Herriko leku ezezagunak erakusten ditu, iluntasunean ere grabatutako irudi zailekin batera.
Eguenean, hilaren 28an, beste bi pelikula eskainiko dira, biak ere euskeraz eta gazteleraz azpititulatuta: 40 minutuko “A line across the sky”, aipatutako Bilboko jaialdiko eskaladako film onena, eta 73 minutuko “Jeff Lowe’s Metanoia”, jaialdian Ikuslegoaren Saria jaso zuena.
Coliseoko pelikuletako sarrerek 5 euroko prezioa dute.