Ander Lipusek zuzendutako "Etxekoak" lanarekin amaituko dira bihar Eibarko Antzerki Jardunaldiak

Ander Lipusek zuzendutako "Etxekoak" lanarekin amaituko dira bihar Eibarko Antzerki Jardunaldiak
2016/03/15 14:58
eta kitto!
ArteDramaren "Etxekoak" euskarazko antzezlanarekin amaiera emango zaio bihar (eguaztena)  Antzerki Jardunaldien 39. edizioari, Huts antzerki taldearen eskutik.  Ander Lipus-ek zuzentzen duen lana 20:30ean hasiko da Coliseo Antzokian. Inmigrazioari buruzko istorio hau ez da etorkinen ikuspuntutik kontatzen, baizik eta kanpotarra hartuko duen familiarenetik eta biziko den tokiko hiritarrenetatik, hau da, gu guztion ikuspuntutik; horregatik izango da etxea istorioaren protagonista. Ander Lipus zuzendariaren bizipen pertsonal batetik jaiotako antzezlanean egungo estatu eta gizarteak sortzen joan diren lege eta muga zentzugabeak jarriko dira kolokan.  Etxekoak/kanpokoak  dikotomiaz baliatuko dira inmigrazioaren arazoa lantzeko.

etxekoak

Ander Lipus proiektu ezberdinetan murgilduta egon da azkenaldian, besteak beste, Asier Altunaren Amama pelikulan aktore moduan lan egiten ikusi dugu. Orain, taula gainera berriz igotzeko momentua iritsi zaio. Proiektu eta estetika pertsonalago batetik abiatu da, ia hogei pertsonak osatzen duten lan taldean: Huts Teatroa.  Jon Gerediagak idatzia, antzezleak Kristian Etxaluz, Maika Etxekopar, Javier Barandiaran eta Ander Lipus bera dira. Sorkuntza batek dakarren buruhauste, gaixotasun, poz, zirrara, beldur, kili-kili, akidura eta abarren zakua sama gainera botata, ohi dugun bezala ikusiko dugu Ander Lipus markiñarra Eibarren aurketuko duen  Etxekoak lanean.

1998an Antzerkiola Imaginarioa taldea sortu eta aktore eta zuzendari lanetan aritu da Ander Lipus markiñarra. Antzerki antropologian aditua, zenbait ikastaro eta antzerki eskoletan irakasle izan da. Antzerkiola Imaginarioarekin sortutako lan aipagarrienak: “8 olivetti poetiko” eta Anderground Trilogiako Bakarrizketak (“Ardoaz”, “Minutu bakarra” eta “Mis rarezas dirías tú”), “Yuri Sam (otoitza)” eta “Au revoir! Triunfadoreak”.

Beste zenbait antzerki talderekin ere egin du lan: Txalo-k ekoiztutako “Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona”, Ramon Bareak zuzendua; “Badum Mundua” haurrendako musikala idatzi eta zuzendu Hortzmuga taldearekin; Martxel Mariscal-en “Ezequiel” lana Sagarroi rock taldearekin; “Zeta” Hika Teatroa. “Putzuak lehortzen” Agerre Teatroa. 2003an "Agujeros en el cielo" filmean parte hartu zuen. 2005eko Donostia saria jaso zuen Yuri Sam lanagatik, eta aurretik Euskal Aktoreen Batasunak 1999. urtean saritua. Bertsolaritzaren munduan, 2007ko Bertso Eguna eta "Bertsotranpak" ekimenetan parte hartu du.

 

Informazio gehiago: http://www.etxekoak.eus/prentsa.html