Benito Lertxundik kontzertua emango du maiatzaren 6an Coliseoan

Benito Lertxundik kontzertua emango du maiatzaren 6an Coliseoan
2016/04/29 09:40
eta kitto!
Datorren asteko barixakuan (maiatzak 6an) Benito Lertxundi Coliseoan izango da, 20:30etik aurrera kontzertua ematen (18 euro). Orioko kantariak, 50 urteko ibilbidea ospatzeko, Euskal Herrian zehar kontzertuak emateari ekin zion "Oroimenaren Oraina" izeneko diskoa ardatz zuen biran eta oraindik ere zuzenekoetan murgildurik jarraitzen du.

Bere betiko estiloari jarraituta, emanaldian oraindik argia ikusi ez duten kantuak ere aurkeztuko ditu, "barne hausnarketak, Fernando Pessoa portugaldar idazlearen olerkiak edota Jorge Bucay argentinarraren olerkiren batekin konposatutakoak". Horiekin batera, jakina, betiko kanturik ezagunenek ere tokia izango dute.

Kontzertuan ohiko musikariek lagunduko diote: Juantxo Zeberio (piano eta sintetizadorean), Amaiur Cajaraville (baxuan), David Gorospe (baterian), Angel Unzu (gitarra eta bouzoukiarekin), Gurutz Bikuña (gitarrekin), Kutxo Ocho de Eribe (arrabitarekin), Pello Ramirez (eskusoinu eta biolontxeloarekin), Intza Unanue (koroak egiten) eta Olatz Zugasti (harpa, teklatu eta ahotsarekin).