Cristina Azpiri, Elisabeth Eguren eta Esteban Oroz: “Herri guztia papereztatu genezake gure koadroekin”

Cristina Azpiri, Elisabeth Eguren eta Esteban Oroz: “Herri guztia papereztatu genezake gure koadroekin”
2018/06/01 eta kitto!
Untzagako zentro sozialak Cristina Azpiri, Elisabeth Eguren eta Esteban Oroz margolarien erakusketa jasoko du ekainaren 14ra arte (astegunetan 19:15etik 21:15era, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara). Urte askotako ibilbidea du hirukoteak eta horren erakusle dira Untzagan ikusgai egongo diren lanak. Gainera, hainbat sorpresa prestatu dituzte erakusketak irauten duen egunetarako.

 

- Nola sortu zen erakusketa bateratua egiteko aukera?

Esteban Oroz: Eibarko Elkarte Artistikoak Pagei kalean daukan lokalera joaten gara margotzera eta baten bati sortu zitzaion Untzagako zentro sozialean erakusketa egiteko ideia. Elkarteko kide guztiontzat tokirik ez dagoenez, erakusketak hirunaka egitea erabaki genuen.

Elisabeth Eguren: Hiruren artean erraz betetzen da erakustokia. Banaka, ordea, lan gehiago egin behar da.

- Nolako lanak erakutsiko dituzue?

Elisabeth: Olio-pinturak dira gehienak, baina badaude akrilikoak ere.

- Zenbat lan jarri du bakoitzak?

Cristina Azpiri: Espazioaren arabera antolatu dugu erakusketa. Estebanek, adibidez, koadro gutxiago jarri ditu, koadro handiagoak jarri dituelako; guk, ordea, txikiagoak ipini ditugunez, gehiago dauzkagu.

Esteban: Gero, kokapena erabakitzeko, zozketa egin genuen.

Elisabeth: Lagun onek egiten duten moduan antolatu gara, arazo barik.

- Koadroen aukeraketa zaila izan da?

Elisabeth: Bai, koadro gehiegi ekarri ditugu.

Esteban: Herri guztia papereztatu genezake gure koadroekin.

- Koadroen gaiei dagokionez, bakoitzak nahi izan duena margotu du edo antzeko gaiak margotzeko ados jarri zarete?

Cristina: Ez, orain arte egin ditugun lanak jarri ditugu. Niri inork ez dit esan “hau edo bestea egin”.

Esteban: Pintura lehiaketetan egindako lanak dira ekarri ditudan gehienak, beraz, ez daukate zerikusi handirik.

Elisabeth: Gehienak lan inpresionistak direla esango nuke, baina ez da aurretik erabakitako ezer izan.

- Pageiko lokalean elkarrekin margotzen duzuenez, beste lagunen eragina igartzen duzue zuen lanetan?

Cristina: Ez, azken aldian gabiltzalako elkarrekin margotzen. Urte asko daramatzagu margolaritzan eta bakoitzak bere bidea jarraitu du.

Elisabeth: Elkarrekin margotzen dugunean aholkuak eta iritziak ematen dizkiogu elkarri, baina beste barik.

- Elkarrekin margotzeak eta erakusketa bateratua egiteak zuen lanak indartzen ditu?

Guztiek: Bai!

Cristina: Erakusketa egitea erabaki genuenetik indarra hartu eta gehiago margotzen dugu.

- Erakusketak irauten duen denboran zerbait berezia egiteko asmoa daukazue?

Esteban: Zuzenean margotuko dugu eta beste sorpresaren bat ere prestatuko dugu egun hauetarako.