Martxan da helduentzako Bertso Eskola Eibarren

0    Kultura 
Ana
Martxan  da  helduentzako  Bertso  Eskola  Eibarren
16 Urt
3:25

Aurtengo ikasturtean helduen talde bat antolatzea lortu du Eibarko Hankamotxak bertso eskolak, eta herriko bertsolazaleak animatu nahi dituzte bertan parte hartzeko. Bertso eskola asteazkenero 19:30ean egiten dute, Arrate Kultur Elkartearen goiko lokalean. Aurten antolatu den taldea zerotik ari da hasten, beraz ez da inolako mailarik eskatzen, “bertsolaritza gustoko izatea besterik ez“.

Bertso eskolatik adierazi dutenez, “bertsoaren egitura ezberdinak, errima arauak, neurriak eta doinuez gain, bertsolaritzaren munduko beste alor batzuk ere jorratuko dira, adibidez, gaiak nola jarri edo txapelketetako epai irizpideak. Idatzizko zein bapateko bertsolaritzaren oinarriak irakatsiko dira, beti ere lagunarteko giro batean. Helburuak ikasle bakoitzak jarri beharko dizkio bere buruari, izan daiteke bertso bat bapatean botatzeko gaitasuna lortzea, edo besterik gabe, asteazkenero herriko beste bertsozaleokin elkartu eta euskal giro sano batean tarte atsegin bat igarotzea“.

Bertso eskola doakoa da, ez da izen ematerik ordaintzen eta “zalantzan egon ezkero, onena asteazken batean Kultun agertu eta bertso eskolak nola funtzionatzen duen ikustea da“. Bertso eskolara joaten direnak, Eibarko Hankamotxak bertso eskolak urtean zehar antolatzen dituen ekintza eta dinamika desberdinen partaide aktibo izango dira, “saioen antolakuntza, bertsolariak hautatu, gaiak pentsatu…, eta bertsolaritza barrutik ezagutzeko aukera izango dute“.

10-14 urteko gaztetxoak ostiralean elkartzen dira
Helduen bertso eskolaz gain,  gaztetxoen bertsoeskolak ere martxan jarraitzen duela gogorarazi nahi dute. Ostiralero 18:00etatik 19:30era Portalean elkartzen dira 10-14 urteko gaztetxoak.

Informazio gehiago nahi izan ezkero  email bat bidali dezakezie hankamotxak@gmail.com helbidera. Eibarko bertsoaren inguruko berri jakiteko twitteren @hankamotxak.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »