Itziar Saenz de Ojer (Bazen Behin Clown taldea): “Harreman erotikoetan bakoitzaren desira zein den hartu behar da kontuan”

Itziar Saenz de Ojer (Bazen Behin Clown taldea): “Harreman erotikoetan bakoitzaren desira zein den hartu behar da kontuan”
2016/12/16 eta kitto!
Abenduaren 20an, martzitzenean, “Sexijentziak askatuz” monologoa ekarriko du Kultu tabernara Bazen Behin Clown taldeak. Taula gainean pertsona bakarra, Itziar Saenz de Ojer egon arren, atzean 12 urteko ibilbidea duen taldea dago. Clowna eta umorea gai serioak tratatzeko tresna ezinhobeak direla erakutsiko dute, eta harreman erotikoen gainean ematen diren rol eta ikuspegien gaineko gogoeta egitera gonbidatuko gaituzte. Antzezlana Arrate Kultur Elkarteak antolatu du ...eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean eta 19:00etan hasiko da.

- 25 emanaldi inguru eman dituzue orain arte “Sexijentziak askatuz” monologoarekin. Nolakoa da jendearen erantzuna?
Clownak daukan goxotasunarekin eta umorearekin pertsona bakoitza bere sexualitatearen jabe izatearen garrantzia lantzen dugu, eta pertsona eta ikuspegi desberdinengana iristea lortu dugulako oso pozik gaude: institutuak, zaharren egoitzak, gaztetxeak...  Gai serioak lantzeko tresna onak dira clowna eta umorea. Donostiako Poltsiko Antzerki Lehiaketan 2. saria lortu genuen, eta honek bultzada handia eman digu.

- Taula gainean zu bakarrik azaltzen zara. Zer aurreratu dezakezu egiten duzun lanari buruz?
Pertsona bakar bateko clown antzezlana da. Pertsonaiak orgasmorik ez daukala azaltzen du, eta bere arazoari aurre egiteko zelako gauzak egin  dituen eta zeinekin hitz egin duen azaltzen du: laguna, ama, sexologoa... Beste pertsona horien papera ere egiten du. Pentsarazten duen lana da, sexu harremanetan espektatibak betetzen ez direnean zer sentitzen dugun isladatzen da. Lehen sexua tabua zen; gaur egun, berriz, gauza arraroak ez badituzu egiten arraroa zarela ematen du. Sexuan ez dago gauza normal edo ez normalik, bakoitzak bere benetako desira hori zein den hartu behar da kontuan. Zuzendari lanak Peio Arnaezek egiten ditu, Mentxu Arrieta psikologo eta sexologoaren laguntzarekin. Sexune sexologia elkartekoen aholkularitza ere izan dugu.

- 2004an taldea sortu zenutenetik arlo desberdinetako kideak pasatu dira.
Psikologoak, sexologoak (neu ere sexologoa naiz), irakaskuntza mundukoak, musikoak... Mezu soziala daukaten lanak egiten ditugu: bulling-a, transexualitatea, suizidioa... guztia modu ludiko eta dibertigarrian.