Jesus Mª Olmedo ‘Kata’ (Amañako danborrada): “Oraindik ere urduri jartzen gara danborradan irteten garenean”

Jesus Mª Olmedo ‘Kata’ (Amañako danborrada): “Oraindik ere urduri jartzen gara danborradan irteten garenean”
2017/06/02 eta kitto!
Aurten Amañako 25. Danborrada egingo da auzoko jaietan eta lehenengo urte hartan parte hartu zutenei oraingoan ere aritzeko gonbidapena egin diete antolatzaileek. Maiatzaren 18an hasi zituzten entseguak. Eguenetan Amañako eskolan batzen dira txikiak (19:00etan) eta nagusiak (20:00etan), danbor doinuak findu eta auzoko kaleetan ikuskizun ederra eskaintzeko. Gainera, Amañako jaietako txupinazoa eurek emango dute.

 

-25. Danborrada egingo duzue aurten Amañan. Nola sortu zen lehen aldiz egiteko asmoa?

1992an, urtarrilean egin ohi zen danborradaren entsegu batetik gentozen Javier Zorrakin, Jose Luis Perez Sarasketa eta hirurok, eta Trinkete parean geundenean Josean Alberdi ‘Gomarekin’ topo egin eta zera bota zigun: “Amañan ezin dugu danborrada egin?”. Ni Amañakoa nintzenez, merituetan begiratu gabe, danborrada antolatzeko enkargua egin zidaten. Beraz, Amañako umeek Sanjuanetako danborrada txikian parte hartzen zutenez, eurekin Amañakoa prestatzen hasi ginen eta 1992an lehen aldiz irten ziren kalera auzoan. Urte bat geroago, nagusiena prestatu genuen. Sanjuanetako danborradak gauza guztiak utzi zizkigun, eta Juan Mari Pastor, Zorrakin, eta Jose Luis eta bere emazteak asko lagundu ziguten. Lehen aldia izanagatik urduri geunden, baina primeran irten zen. Oraindik ere urduri jartzen gara danborradan irteten garen bakoitzean!

-Zenbat lagunek hartu zenuten parte lehen aldian?

Bi konpainiek hartu genuen parte eta laurogei bat lagun batu ginen. Gaur egun ere antzeko kopuruan gabiltza.

-Amañako danborradak aldaketak izan ditu 25 urte hauetan?

Asko ez. Hamabi piezarekin hasi ginen (Sanjuanetakoan hamazortzitik gora izaten dira) eta orain hamasei jotzen ditugu.

-Nortzuk hartzen duzue parte danborradan?

Danbolin eta upel konpainia bana daukagu. Gastadoreak falta zaizkigu eta hemendik deialdia luzatzen dugu gastadoreak etorri daitezen. Asko apaintzen dute danborrada.

-Urtero izan zara Amañako danborradaren arduraduna?

Bai. Iaz bihotz ebakuntza egin eta martxoan eman zidaten alta, beraz, albo batera geratu nintzen entseguetan eta zuzendaritza kontu handiz eraman nuen, baina aurten guztiz indarberrituta eta gogotsu nago.

-Zerbait berezia prestatu duzue 25. edizioa ospatzeko?

Lehen danborradatik ez du jende askok jarraitzen, beraz, aurreneko aldian ibili zirenei deialdia luzatzen diegu edizio berezi honetan ere danborradan irteteko edo, gutxienez, txupinazoan edota festan parte hartzeko.