Jokin Oregi, antzerki-zuzendaria: “Oso garrantzitsua da umeekin heriotzaren gaia jorratzea”

Jokin  Oregi,  antzerki-zuzendaria:  “Oso  garrantzitsua  da  umeekin  heriotzaren  gaia  jorratzea”
02 Ots
1:34

Amourrekin 2017ko Umeentzako Ikuskizun Onenaren Max Saria jaso ostean, Izar antzezlana ekarriko digu bihar (17:00etan) Coliseora Jokin Oregik. Berbarik gabeko ikuskizuna prestatu du Soraluzeko antzerki-zuzendariak eta Iñaki Salvadorren musikak girotuko du lana, nahiz eta isiltasunak garrantzia handia daukan istorio honetan. Amour eta aurreko lanen bidea jarraitzen du Izarrek, eta kritikek maila gorenean jartzen dute antzezlan hau ere.

 

-Nor da Izar?

6 urteko neskatila da. Bere amak pianoa jotzen erakutsi dio, trebetasunez jotzen du eta izarra izateko bidean doa. Bide horretan ama hil eta Izarren bizitza hankaz gora jartzen da. Bere aita bizirik geratzen da, baina lur jota. Neskatoa umezurtz geratzen dela esan daiteke. Ume baten bizitza hankaz gora jarri eta zulo horretatik irteteko dituen gaitasunak erakutsi nahi izan dut obra honekin. Gainditze istorioa da eta erresilientziarekin lotu ahal dugu. Gure ikusle diren haurrei erakutsi nahi izan diet batzuetan babes-burbuila baten barruan daudela, baina uste baino indartsuagoak direla. Esperantza mezua da.

-Heriotzaren gaia haurrengandik aldentzen da sarritan. Ondo dago hori?

Nire iritziz oso garrantzitsua da umeekin horrelako gaiak jorratzea. Horrelakoa da bizitza, eta nahiz eta ezkutatzen saiatu, umeek talka egingo dute errealitate horrekin. Horrela ez ditugu umeak babesten, kontrara, ahuldu egiten ditugu. Gero, horrelakoak gertatzen direnean ez dira gai gauza horiek onartzeko eta esperientzia horietatik indartzeko.

-Ikuskizunaren estetikak atentzioa deitzen du, maskarak erabiltzen dituzue. Zer bilatu duzue horren bitartez?

Nahiko arrazoi prosaikoa da. Gure antzezlanetan ez dugu berbarik egiten. Amour antzezlanean erabili genituen maskarak aurrenekoz, umeak zirelako protagonistak. Umekerietan sartzeko zahartuta gaudela pentsatu nuen eta, kolorete gorriekin makilatu beharrean, maskarak erabili genituen. Maskaren erabilerak istorioak pentsatzeko beste modu bat eman dit. Bestetik, maskarek duten magia puntua deskubrimendu zoragarria izan da. Hasieran publikoari kostatu egiten zaio, baina ikuskizunean murgiltzen denean gozamena da. Antzerkia berez da artifiziotsua eta ez dugu zertan hori ezkutatu behar. Hitzik gabeko ikuskizuna izanik artifizialtasun hori areagotzen dugu, eta maskarak erabilita are gehiago. Ikusle moduan distantzia ematen du, nahiz eta emozioak zuzen zuzenean sartzen zaizkizun.

-Zuk zuzendutako azken ikuskizunek arrakasta handia izan dute. Listoia oso altu dagoela nabaritzen duzu?

Bai, presioa badago. Gure buruarekin zorrotzak gara. Jendeak asko espero duela pentsatzen dugu, begi asko ditugula begira, eta hankak dardarka jartzen zaizkigu. Gauza hunkigarriak egiten saiatu gara beti, epikoak eta inportanteak. Amourren ondoren zer?”, pentsatu genuen, eta gure bidetik jarraitzea erabaki genuen. Hainbat istorio baztertu eta Izarren istorioak harrapatu gintuen. Pozik gaude, Amourren maila lortzen dugula uste dudalako, eta harrera eta kritika onak jaso dituelako.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »