Juanita anderearen omenez dantzan

Juanita anderearen omenez dantzan
2018/04/25 eta kitto!
Bizi dantzari eman zion Juanita Unzuetak, eta dantzak bizia eman zion. Bidelagun izan zuen Sobietar Batasunean pasa zituen urteetan eta baita Eibarrera itzuli zenean ere. Dantzaren erreferente bihurtu zen Eibarren, ehundaka dantzari ibili ziren bere esanetara eta arrastoa utzi zuen herrian. Orain, bere heriotzetik urtebetera, dizipulu, dantzari, koreografo eta musikariek omenaldia eskainiko diote apirilaren 27an Coliseoan.

 

Gerrak dantzan ibili zuen Juanita Unzueta. 1937. urtean, tropa frankistak Gipuzkoan barneratu zirenean, Sobietar Batasunera joan behar izan zen anaia Armandorekin. Harrera beroa jaso zuten Leningradon, eta Crimean bi hilabete pasatu ostean Moskun kokatu ziren, baina gerrak harrapatu zuen berriz, II. Mundu Gerrak. Herrialdearen erdigunera jo zuten, Kukusera, eta Moskura itzuli ziren gerra amaitzean. Bakea, behingoz, eta dantzaren munduan sakontzeko aukera.

Moskura itzuli zenean harrera-etxe ezberdin batean kokatu bazen ere, Bolshoi Antzerkiko Vladimir Biely irakaslearekin dantza klaseak jasotzen hasi zen berriz. Balleta ikasi zuen Bielyrekin eta dantzari profesionala izan zen Sobietar Batasunean. Hainbat emanaldi eskaini zituen dantzari moduan, Antzoki Handian zein lantegi handietako langile errusiarren aurrean jardun zuen, eta, aurretik, euskal jota bat dantzatu zuen Stalinen aurrean.

Dantzan egiteaz gain umeen dantza irakaslea zen eta Sobietar Batasunean ikasitakoa bere jaioterrira ekarri zuen 1956an. Dantza eskola sortu zuen Eibarren eta erretiroa hartu arte dena eskaini zion Ballet Eibarres akademiari, Jardiñeta kaleko bere etxean lehenik eta Urtzaile kalean gero. Urte horietan jasotakoa bueltatzen saiatuko dira hilaren 27an 20:30ean Coliseoan dantza egingo dutenak. Juanitaren esanetara ibilitakoak edota bere ibilbidea omendu nahi dutenak bilduko dira bertan, mota askotako dantzen bitartez herriko dantzaren ikur hau gogoratzeko bere heriotzaren lehen urteurrenean.

 

Juanitaren gustoko dantzak

Juanita Unzuetak gustoko zituen dantzak eskainiko dira Coliseoko ikuskizunean, dantza klasikoak eta modernoak. Eibarko dantzaren gaur egungo panorama ikusi ahal izango da, Juanitak urte askoan Ballet Eibarres akademian egindako lanaren herentzia. Dantza Garaikidearen taldea, Kezka Dantza Taldea, Eibarko Koro Gaztea, Musika Eskolako akordeoi taldea eta, nola ez, Ballet Eibarres izango dira emanaldian parte hartuko dutenak. Gainera, Portugaleten dantza akademia bat zuzentzen duen Pilar Agirregomezkortak, Maite Lorenzo aktoreak eta Iker Gomez koreografo eibartarrak ere ikuskizunean parte hartuko dute. Lan kontuak direla eta Gomez ezin izango da joan, baina proiekzio baten bitartez Coliseoan egongo da.

Dantzan egiten ikasi duten ume asko pasatu dira Juanita Unzuetak sortutako akademiatik eta dantza ogibide bihurtu duten batzuk ere badira. Horren eredu dira aurretik aipatutako Agirregomezkorta eta Gomez, eta baita Pili Alonso ere, Juanitaren lekukoa hartuta Ballet Eibarreseko gaur egungo arduraduna. Irakaslearengandik ikasitakoa belaunaldi berriei igortzen die Alonsok eta, omenaldiaren kasuan, Juanitari gustatzen zitzaizkion dantzak prestatu ditu beste taldeekin batera. Dantza klasikoetatik haratago, modernoak ere gustuko zituelako. Izan ere, dantza bere pasioa zen.