Juanjo Olasagarreren “Poz aldrebesa” aztertuko dute Harixa Emoten irakurketa taldean gaur

Juanjo Olasagarreren “Poz aldrebesa” aztertuko dute Harixa Emoten irakurketa taldean gaur
2018, Ots 06

Gaur, 19:00etatik aurrera izango da Idazlearekin Harixa Emoten euskarazko irakurketa klubaren hurrengo saioa, Portaleko ikastaro gelan. Antxon Narbaizak gidatuta, Juanjo Olasagarreren “Poz aldrebesa” liburuari mamia aterako diote irakurleek eta, gainera, lanaren egilea ere han izango denez, liburuaren inguruko iritzi eta inpresioak partekatzeko aukera izango dute. Juanjo Olasagarre Arbizun jaio zen, 1963an. Donostian psikologia-ikasketak euskaraz egin zituen lehenengo promozioko ikaslea izan zen. Lizentziatu zenez geroztik euskara eta hizkuntza irakastea ditu ogibide, bigarren hezkuntzan. Euskaltegi eta barnetegietan ere jardun zuen irakasle 1980ko hamarkadan. Horrekin batera hainbat hedabidetan kolaboratu izan du, hala nola, Egin, Egunkaria, Berria eta Deia egunkarietan, edo Argia astekarian. 2005etik sarean argitaratzen den Volgako Batelariak literatura aldizkariko partaide da eta gaurko literaturaren inguruko kritika eta artikuluak plazaratu izan ditu bertan. “Poz aldrebesa” eleberria bere hirugarren nobela da eta liburuan bi gizonezkoren bizimodu gorabeheratsua kontatzen du Olasagarrek.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »