Maite Arroitajauregi: “Ikuskizuna Gloria Fuertesi gustatuko zaiola pentsatzea da nire fantasia”

Maite Arroitajauregi: “Ikuskizuna Gloria Fuertesi gustatuko zaiola pentsatzea da nire fantasia”
2018/01/26 eta kitto!
Gloria Fuertesi ikasitako poemen adaptazio libreak egin ditu Maite Arroitajauregik, Mursegok, eta Coliseoan taularatuko ditu gaur 20:30ean. Poeta madrildarraren testuak irakurritakoan sentitutakoa islatzen saiatuko da eta ohiko denez maisutasunez maneiatzen dituen doinu eta soinuak erabiliko ditu. Libre, Fuertesi ere horrela izatea gustatuko litzaiokelako. Bere herrikideek lana nola hartuko duten beldur bada ere, saioak jaso dituen kritikak ezin bikainagoak dira, Mursegok egin duen guztiarekin (edo ia) bezala.

 

-Gloria Fuertesen poemak errezitatu, musikatu eta rapeatuko dituzu Coliseoan. Nolako flowa dauka Fuertesek?

Bere poema asko errimatuak ziren, beraz badauka lotura bat rap musikarekin. Nahiko rapeableak dira bere poemen egiturak.

-Beti imajinatu dituzu rap moduan edo proiektu honekin sortu den zerbait izan da?

Ikuskizuna prestatzean modu naturalean irten zen zerbait izan zen. Poemak taularatzeko abestu, errezitatu edo hitz-jokoak egin ditzakezu, eta rapa ere beste modu bat da. Hitzek garrantzi handia daukate rap eta hip-hopean.

-Zer dauka Gloria Fuertesek bere poemak hartu eta horrelako ikuskizun bat prestatzeko?

Nigan izan duen eragina memorian geratu zait. Etxean bere liburuak genituen eta gurasoek irakurri egiten zizkidaten txikitan. Nagusi egin naizenean berriz berreskuratu dut Gloria Fuertes, baina kasu honetan helduentzat idatzitako poema-liburuengatik. Asko gustatzen zait bere hizkera, gauzak nola kontatzen dituen. Gertuko hizkera da. Gaiak ere interesgarriak iruditzen zaizkit. Bizitzari buruz egiten du berba. Gai unibertsalak dira, baina horiek tratatzeko modua oso interesgarria da eta gauza askorekin identifikatuta sentitzen naiz. Tonua, ironia eta umorea nola erabiltzen dituen oso interesgarria da. Umorea arma moduan erabiltzen du, gauzak aldarrikatzeko, eta horren zalea naiz. Nire egiteko moduan eta nire musikan ere umorea erabiltzen dut, zerbait eragiteko baliabide moduan. Errimaren kontuan ere, kantuak egin arte ez nintzen hainbeste fijatzen, baina errimak asko gustatzen zaizkit. Testuak errimatzea oso berezia da, eta berak hain ondo errimatzen zuen... Testuak musikatu egiten dira, beste dimentsio bat hartzen dute errimarekin.

-Fuertesen obra mardula da. Nola egin duzu bere poemen aukeraketa?

2014an, Donostiako Koldo Mitxelenaren programazioaren barruan, Beñat Sarasola eta Jon Benitori Berrirakurtzen zikloa antolatzea enkargatu zieten. Artista bat gonbidatzen zuten astero, eta guk liburu bat hartu eta horren berrirakurketa pertsonala egin behar genuen. Nik Gloria Fuertes aukeratu nuen, bere ‘Historias de Gloria Amor, humor y desamor)’ antologia zehazki. Nahiko autobiografikoa da eta bere gaztaroa, Gerra Zibila nola bizi izan zuen eta desamodioak azaltzen dira bertan.

-Koldo Mitxelenan egindako saio horretatik Coliseoan aurkeztuko duzunera eboluzioa egon da?

Ikuskizun hau Bilboko Izar & Star zikloan, Gasteizko Proklaman eta Arrasateko liburutegian eskaini dut bakarrik. Gauza batzuk gehitu eta hobetu ditut, borobildu, baina esentzian berdina da.

-Aurten 101 urte beteko zituen Gloria Fuertesek. Berak lantzen zituen gaiek gaur egunekoak izaten jarraitzen dute?

Oso! Denuntzia soziala egiten zuen bere idatzietan, gai sozialak tratatzen zituen. Aldarrikapen soziala egiten zuen eta gai horiek gaur egunekoak dira erabat.

-Nolabaiteko ardura sentitu duzu Gloria Fuertes bezalako autore bat musikatzeagatik?

Ez, nire lan guztietan bezala gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu naiz. Poema bakoitzari kutsu ezberdina ematen saiatu naiz, testua eta musika koherenteak izatea, eta oso libre sentitu naiz. Bere poemekin lan egiten duen norbait libre sentitzea gustatuko litzaiokela uste dut. Barixakuan egingo dudana berari gustatuko zaiola pentsatzea da nire fantasia. Bere lana eta bera nolakoa zen ikusita, baietz uste dut.

-Gloria Fuertes albo batera utzita, musikatik haratago doan ‘%100 Oion’ proiektua aurkeztu zenuen 2017an. Nolako lana izan zen?

Oiongo herrian elkarbizitza sustatzeko proiektua izan zen. Etorkin- eta langabezia-tasa handia dago han. Esperientzia berria izan zen, inoiz ez dudalako lan egin hainbeste jenderekin. Polita eta oso gogorra izan zen, eta asko ikasi nuen. Musikalki nola aterako zen kezkatzen ninduen, jende amateurrarekin egin nuelako lan, herriko jendearekin. Profesionalak ez zirela argi edukita, herritarrek parte-hartzea eta zerbaitekin konprometitzea zen helburua. Egin zuten lanaz harro egotea lortu genuen eta pozik nago emaitzarekin. Herri baten kantua da eta herrien kantuak horrelakoak dira, inperfektuak. Gloria Fuertesi ere gustatuko litzaiokela pentsatzen dut.

-Nacho Vegasi bai, behintzat. 2017ko disko onena dela esan du.

Nacho Vegas ere Gloria Fuertesen zalea da. Berrirakurketa bidali nion eta asko gustatu zitzaion. PAHren (Hipotekak Kalteturikoen Plataforma) aldeko diskoan Gloria Fuertesen poema bat moldatu zuen. Niri behintzat Gloria Fuertes asko gustatzen zait eta asko gozatzen dut, baina Eibarko jendeak ikuskizuna nola hartuko duen beldurra daukat.

-Publikoaren erantzuna nolakoa izan da aurreko ikuskizunetan? Kritikak bikainak izan dira.

Lehen saioaren harira Koldo Almandozek Berrian idatzi zuen kritikarekin negar egin nuen, eta Twitterren aipatu zuten Gloria Fuertes Koldo Mitxelenan egon zela. Arrasaten ere jendea oso pozik irten zen.

-Zaila da norberaren herrian profeta izatea?

Bai. Eszenatokian hain libre sentitzen naiz batzuetan... Batzuk pentsatuko dute zoratuta nagoela, baina berdin zait, sentitzen dudana egiten dudalako. Zoramen hori herrian erakusteak, ordea, lotsa gehiago ematen dit. Onartu behar dut ikuskizunaren amaiera libreagoa zela eta klasikoagoa egingo dudala Eibarren.

-Mursegok 2009an zabaldu zituen hegoak. Nolako bidea egin du orain arte?

Jolas moduan hasi zen eta ogibide bihurtu da. Nire diskoak sortzeaz gain jende askorekin kolaboratu dut. ‘Porto’ egiten nabil iaztik Harkaitz Canorekin, Ixiar Rozasekin beste lan batean nabil, dantza pieza baterako musika egiten nabil, pelikuletan egin dut lan, Iruñako Ikusmira jaialdiaren itxieran grabatuko den bideo bati musika jarriko diot... gauza asko dira eta asko gustatzen zait gauza ezberdinak egitea. Oiongoaren harira, bestetik, Tabakalerako hezkuntza sailarekin nabil eta musika espresioak lantzen ari naiz gazte etorkinekin. Kantu eta bideo bana egitea da asmoa.

-Bat (1), Bi (2) eta Hiru (3) diskoen ostean, Lau (4) diskoa sortuko du Mursegok?

Ez dakit noiz, baina bai. Kantuak bereziki Mursegorentzat egin ez arren, sortzen ditudan hainbat gauza berreskuratzen ditut. Baditut kantu batzuk eta zerbait motza egin dezaket orain, EP bat, baina itxaron egingo dut agian. Baliteke uda ostean grabatzea, baina aurtengoa demaseko bajoia izan da. Diskoak ez dira saltzen.