MIKEL GOROSABEL, musikaria: “Historia berri baten hasiera da disko hau”

MIKEL  GOROSABEL,  musikaria:  “Historia  berri  baten  hasiera  da  disko  hau”
02 Ots
2:16

EH Sukarra, Lorelei eta Norton Club taldeetan aurpegia –eta gitarra eta ahotsa- ematen ikusi dugu urte askotan, baina beste ezizen edo aterkinik gabe datorkigu orain. Mikel Gorosabel. Izen eta abizen. Beti libre, baina orain are libreago, inongo loturarik gabe. Musikari eibartarrak, Asier Serrano lagunaren kolaborazio bereizezinarekin, bere melodiei letra jartzeko proposamena luzatu die hamaika euskal idazleri eta ‘Barne basoan barna’ da emaitza.

 

-Mikel Gorosabel bezala kaleratu duzu disko berria, beste izen baten babesetik kanpo. Zure lan pertsonalena da?

Bai, izan daiteke. Orain arte ibili naizen proiektuetan ere konposatzen ibili naiz, baina oraingo honetan azken urte bietan konposatutako abestiak batu ditut eta doinu horiek kaleratzeko beharra sentitzen nuen. Beti sentitzen dut konposatutako doinuak argitaratzeko behar hori. Doinuen aldetik estilo edo forma ezberdinak daude, eta EH Sukarraren barruan sartzeko moduan ikusten ez nituenez, gaiari buelta batzuk eman eta Mikel Gorosabel izenarekin kaleratzea erabaki nuen. Gerora begira, historia berri baten hasiera dela esango nuke.

-Beraz, bide berri bat hasi du Mikel Gorosabelek?

Datozen urteetan egingo ditudan konposaketei irteera bat emateko bidea ireki dut. Hala ere, ez dut baztertzen aurrerago EH Sukarrarekin beste lan batzuk egitea. 2013an eta 2015ean disko bana atera genuen EH Sukarrarekin ia 11 urteko etenaldiaren ostean, eta EH Sukarra nahiko asetuta dagoela uste dut. Errepertorio zabala daukagu eta bakarkako proiektu hau hasteko momentua iritsi da.

-EH Sukarraren edo aurreko beste proiektuen kateetatik askatu eta beste doinu batzuk lantzeko aukera eman dizu proiektu berri honek?

Duda barik! EH Sukarran ere nahiko aske sentitzen naiz, baina proiektu honetan are askeago. Espazio libre honetan doinu ezberdinak landu ditut.

-Abestietako letrak, hala ere, beste batzuek landu dituzte. Enkarguak izan dira?

Oso esperientzia aberasgarria izan da. Melodiak borobilduta nituenean Asier Serranorengana jo nuen, betiko moduan, eta bere belaunaldiko hainbat idazle ezagutzen zituela aipatu eta abestien letrak eurek idaztea proposatu zidan. Bertsolaritzan egiten den moduan, Asierrek gai bat proposatu zien: beldurra. Hamaika doinu nituen prest eta hamaika idazlerengana jo zuen berak. Zozketa bitartez banatu genituen melodiak idazleen artean eta bakoitzak berea landu du. Maila literarioari begiratuta oso disko konpletoa dela esango nuke. Gai batetik abiatuta idazle bakoitzak bere ikuspuntua eman dio eta letrei dagokienez oso lan borobila ikusten dut.

-Idazleei melodiak eman eta horiek letrak osatu ostean, azken orduko aldaketak egon dira melodia edo letra horietan?

Melodia eta ahotsaren doinuarekin metrikak bidali nizkien, silaba horien gainean testuak sortzeko. Orrazketa txiki bat egon da, baina oso trebeak izan dira eta ez gara trabatu arlo horretan. Prozesu arina izan da.

-Beldurra da diskoko abestiak batzen dituen gaia. Zergatik beldurra?

Gai ona dela uste dut, gai unibertsala. Lan berri bati egitean gai bat pentsatu beharra dago eta disko kontzeptual moduan garatu dut lan hau. Hasieratik amaierara entzuteko diskoa dela esango nuke. Letretan murgilduz gero, edonor sentitu daiteke identifikatuta bertan azaltzen diren beldurrekin.

-Artista moduan, zeren beldur zara?

Tira, baditut nire beldurrak! ‘Datorrela txamana’ abestian agertzen da nola beti gabiltzan umeei beldurra sartzen. “Kontuz, ez igo horra”, eta horrelakoak. Beldur hori, maite dituzunei gertatu ahal zaienaren beldurra, badaukat. Heriotzaren beldurra ere unibertsala da. Inork ez daki hor zer dagoen, eta misterio hori beti egongo da hor.

-Diskoaren autoekoizketaz arduratu zara. Nolako lana izan da?

Behartuta ekoiztu dut disko hau. Nahitaez atera nahi nuen diskoa eta ez dut aurkitu nork atera. Beraz, autoekoiztea erabaki nuen. Orain dela 10 urte baino errazagoa da autoekoiztea gaur egun, talde askok egiten dute gauza bera, eta esperientzia ona izan da. Beloud plataforman crowfundinga egin dut jendearen ekarpenak jasotzeko eta horren bitartez gastu batzuei aurre egin ahal izan diet.

Ez Dok tabernan egin zenuen diskoaren aurkezpena. Nolako harrera izan zuen?

Oso ondo egon ziren bertan eskaini nituen bi kontzertuak. Etxean egotea bezala izan zen, oso gauza intimoa. Maite nauen jendea bildu zen bertan eta gauza polita izan zen. Proiektua abiatzeko oso esperientzia ederra. Pentsatzen dut, gainera, jendeari gustatu zitzaizkiola soinu berriak. Diskoa hasieratik amaieraraino osorik jo nuen, ordena berean.

-Zuzeneko gehiago jotzea daukazu aurreikusita?

Oraindik ez daukat ezer itxita, baina badaude gauza batzuk ixtear. Bestetik, otsailean Bilboko Bidebarrieta kaleko liburutegian bakarkako emanaldia eskainiko dut modu akustikoan. Disko berriaren kantaren bat joko dut eta nire ibilbidean konposatutako abestiak ere entzun ahal izango dira.

-Disko berriaren zuzenekoek zein formatu izango dute?

Bateria eta baxu jolearekin, eta aurrez grabatutako soinuekin –sintetizadoreekin- joateko asmoa daukat. Hori formatu rockeroa izango litzateke, baina akustikoan jotzeko ere zabalik nago.

-Mikel Gorosabel eta EH Sukarra, bizi-bizi dauden bi proiektu. Biak uztartuko dituzu?

Bai, hori da nire asmoa. EH Sukarra kanpotik ikusten laguntzen nau EH Sukarratik irtetzeak. Beste proiektu batekin hastean, EH Sukarra beste maitasun batekin berreskuratzen dut eta daukan potentziala baloratzen dut. Errepertorio, historia eta doinu aldetik dimentsio handia dauka EH Sukarrak, eta baita oso zuzeneko bizia ere. Gainera, nahiko fuerte ibili gara azken aldian eta jendea erantzuten ari da. Azken kontzertuetan, abenduan, erantzun ona izan genuen publiko aldetik eta asko estimatzen da. Bestetik, jende gaztea etortzeak ere poza ematen digu, gure publiko fidelena 30-50 urte bitartekoa delako. Azken bi diskoekin jende gaztea harrapatzea lortu dugu.

 

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »