Sankristobalgo jaietarako motorrak berotzen!!!

Sankristobalgo jaietarako motorrak berotzen!!!
2016/07/07 eta kitto!
40 urtetik beherakoek, ziurrenik, sekula ez duzue Elsa Baeza izena entzun. Hortik gorakoeei, berriz, ezaguna egingo zaizue, batez ere 70. hamarkadan “ El Cristo de Palacagüina“  edo “El Credo” abesten zuen kubatarra dela gogoratzen badizuegu.  Elsa Baezak zapatuan emango duen kontzertuarekin, 60-70 hamarkadetan musika munduan gorenean ibilitako artistak ekartzeko ildoari jarraituko diote San Kristobal auzoan.
Baina aurretik beste musika estilo batzuk eta bestelako ekitaldiak ere izango dira. Bihar (barixakua) 19:00etan txupinazoarekin hasiko dira motorrak berotzen. Jarraian, omenaldia egingo zaio Eibar KE-ko auzoko kuadrilari. Ondoren, kalejira egongo da Orkestra elektrotxarangarekin eta 19:30ean haurrentzako jokoak hasiko dira Fray Martin Mallea parkean. Ordu berean, tortilla, txorizoa, urdaiazpikoa eta gazta banatuko da auzoko tabernetan eta Jai Batzordearen barran.
Gauean, rock eta heavy metal doinuak nagusituko dira San Kristobalen. 23:00etan Iron Maiden taldeari omenaldia egingo dio Iron What taldeak, eta ondoren, 01:00etan, Kiss taldearen errepertorioa eskainiko du exKISSitos taldeak.

Lambretta motorren igoera zapatuan
Zapatuan, 10:30ean hasiko dira ekitaldiak, haurrentzako antolatu duten marrazki lehiaketarekin. Jarraian, haurretzako Moltó motorren kontzentrazio-lasterketa egingo dute, eta eguerdian “Sandia-jana” egingo dute, ohikoa den moduan, Aizarna parkean.
Urtero bezala, Lambretta motorren kontzentrazioa izango da zapatuan. Aurtengoa 13. edizioa da, eta 12:30ean  San Kristobalera igo eta motorren erakusketa egingo dute San Kristobalgo plazan, piskolabisa egin ondoren. Bihar arratsaldean igel eta dardo txapelketak izango ditugu 18:00etatik aurrera, eta 19:30ean Dominguez Mariachiren emanaldia.
Nuria&Sofiak girotutako herri-afariari ekingo diote gaueko 21:00etan, plazoletan. 22:45ean Drindots eibartar taldearen dantzaldia hasiko da, eta 24:00etan, aldiz, Elsa Baezaren txanda izango da. Ordubete iraungo du  abesten, eta, ondoren, Drindots-ek zapatu gaueko giroa alaitzen jarraituko du. 03:00etan txokolate-jana eskainiko zaie nekaezineei.

Marmitako txapelketa domekan
Domekarako ere hainbat ekitaldi  antolatu ditu San Kristobalgo Jai Batzordeak. 11:00etan ohe elastikoak eta tirolina jarriko dituzte Fray Martin Mallea parkean. 12:00etan hildakoen aldeko meza izango da, eta, ordu berean, Marmitako Txapelketa hasiko da plazoletan. 13:15ean lunch-a eskainiko diete plazan agertzen diren guztiei. Ondoren, marmitako txapelketaren sari banaketa egingo dute.
Arratsaldeko lehen zatian umeak izango dira berriro protagonista. 17:30ean freskagarriak eta gozokiak banatuko dituzte eta, ondoren, Gorixorekin zezentxo eta pony-ak egongo dira. 19:00etan marrazki lehiaketan eta jolas desberdinetan parte hartu dutenen artean sariak banatuko dituzte. 19:30ean DJ Arabarekin festa hasiko da eta 20:00etan rifaren zozketa egingo dute. 21:30ean, trakarekin jaiei amaiera emango zaie.