Saroa Bikandi (ipuin-kontalaria): “Ume txikiek dena azaletik eta ahotsetik ulertzen dute”

Saroa Bikandi (ipuin-kontalaria): “Ume txikiek dena azaletik eta ahotsetik ulertzen dute”
2017/09/18 eta kitto!
Eibarko liburutegiak haurrentzako antolatzen dituen irakurketa-taldeetako dinamizatzailea da Saroa Bikandi ipuin-kontalari durangarra. Ikasturte honetan hirugarrenez izango da Eibarko haur eta gurasoekin lanean.   Irakurzaletasuna sustatzeko bi proiektu ditu Saroak: “Azaleko ipuinak”   3 urte arteko haurrentzat, eta “Liburuen poltsa” 4-8 urte bitartekoentzat. Biak urrian hasiko dira eta hilean behin izango dute haur eta gurasoek haur literaturarekin gozatzeko aukera.

– Nola funtzionatzen dute Eibarko taldeek?
Oso ondo. Jendea oso zintzo etortzen da eta euskara maila oso ona izaten dute. Horrek asko errazten du lana.
– Nolako gauzak lantzen dituzue 0-3 urte bitarteko taldean?
Haur txikienek ahozkotasunarekin lortzen dute plazer handia. Beraz “Azaleko ipuinak” taldean asko lantzen ditugu abestiak, ipuin laburrak,  ahozko tradiziotik datorrena… Eta dena gorputzarekin lotzen da, esate baterako esku-jolasekin. Betidanik egin diren gauzak egiten ditugu baina errepertorioa handituta. Ume txikiek dena ahotsetik eta azaletik ulertzen dute, beraz bi erraminta horiekin batera egiten dugu lan. Masajeak ere egiten ditugu. Saioak 45 minutukoak izaten dira eta nagusi batekin etorri behar dute, konpartitzeko gogoa daukan batekin. Benetan merezi du, eta heldu asko harrituta gelditzen dira. Ahozkotauna lantzeaz gain saioetan haurrentzako liburuen bilbliografiatxo bat egiten hasi gara, gurasoak haur-literaturan dagoena kuxkuxeatzen joateko.
– Bigarren irakurketa taldea, “Liburuen poltsa” 3-8 urte bitartekoentzat da. Zer eskaintzen da horretan?
Haurren arreta maila altuagoa da adin horretan. Ahozkotasuna beste modu batean lantzen da, memoriatik, jolasetik…. Gurasoak haur-literatura ezagutzen joatea da helburuetako bat, gustoa hartzea, beldurra kentzea… Eta, horregatik, hemen ere hartzen dute parte gurasoek. Ahozkotasuna lantzen dugu, gero ipuin bat kontatzen diet eta horrekin zerikusia daukan eskulan bat eta jolasak egiten ditugu. Azken finean ideia istorio batetik tira egitea da. Bi taldeetan liburuen poltsa bat egiten dugu, zozketatu egiten da eta etxez etxe joaten da. Gero familia bakoitzak kontatzen du berea, zein gustatu zaion…
– Zergatik da hain garrantzitsua haurliteratura?
Haur-literatura polita da plazeretik bizitzea  eta ez betebehar edo obligazio bezala hartuta. Lehenengo gurasoek disfrutatu behar dute haur-literatura irakurtzen gero umeek disfrutatzeko. Askotan haur-literaturari gauza asko eskatzen zaizkio, baina gauza guzti horiek etorriko dira bakarrik giro atsegin horretatik.
Argazkia: Asun Agiriano