Udarekin batera, zinea kalera

Udarekin batera, zinea kalera
2017/07/07 eta kitto!
Urteko hilabete askotan zehar toki estalietan hotzetik ihesi ibili ostean, udako tenperatura atseginek kalean denbora gehiago egoteko gonbidapena luzatzen diote jendeari. Eta jendea non, ekintzak han. Zinea kalera aterako da berriz ere uda honetan, lau urteren ostean. Coliseoko pantailak, bestetik, atsedena hartuko du irailaren erdialdera arte.

 

Abuztuaren 3, 10, 17 eta 24an kalean zinea ikusi ahal izango da. Aspaldiko ohitura da Untzagan pantaila zabaldu eta pelikulak eskaintzea, baina azken lau urteetan ez da aukera hau eman. Eguraldia lagun bada, aipatutako egunetan 22:30etan “pantaila puzgarria” kokatuko da harmailak dauden Untzagako parkean Patxi Lejardi zinegotziaren berbetan; eta euria eginez gero, udaletxearen arkupean emango dira filmak. “Harmailek zerbait berezia eskainiko dutela uste dugu”, Jose Luis Gonzalez ‘Poxpolo’ kultura teknikariaren iritziz.

Aurreko urteetan UNI Eibar-Ermuakoak arduratzen ziren kaleko zineaz, “baina aurten Servifilms enpresak eskainiko du zerbitzua”. Gonzalezek adierazten duenez, “kalean zinean ematea eskatzen zuen jendeak eta jasotako proposamena onartzea erabaki genuen”. Aurreko edizioetan “100 eta 300 ikusle inguru batzen ziren emanaldietan, ea aurten nolako harrera duen”, egiten du gogoeta teknikariak.

Eskainiko diren pelikulei dagokienez, abuztuaren 3an ‘Alicia al través del espejo’, 10ean ‘El pregón’, 17an ‘Zootropolis’ eta 24an ‘Mi amigo el dragón’ izango dira ikusgai.

 

Coliseoko eskaintza itxita

Kaleek zineari ateak irekitzen dizkion bitartean, Coliseoak itxi egingo dizkio irailaren 16ra arte. Uda inguruan ikusle kopuruak behera egiten du eta hori da hilabete bi hauetan zehar Coliseoan zinea ez eskaintzearen arrazoi nagusia. “Zinea eskaintzen duen enpresak errentagarritasuna mantendu behar du eta ezin ditu galera handiak eduki. Ikusi dugu uztailean eta abuztuan ez dagoela etekin handirik eta gastuak handiak direla, beraz, enpresarekin bildu eta hilabete hauetan zerbitzua ez eskaintzea erabaki dugu”, dio Gonzalezek.

Kultura teknikariak eta Kultura eta Euskara zinegotziak normaltzat ikusten dute udan ikusle kopurua jaistea. “Bi baldintza hartu behar dira kontutan, eguraldia eta pelikula. Eguraldi eguzkitsu eta beroarekin jendea ez da zinera hurbiltzen; eta pelikulari dagokionez, ospe handikoa bada, ikusleak izango ditu, bestela zaila da jende asko etortzea”, Gonzalezen berbetan.

 

Ikusle kopurua gora

Azken urteetan gorantz joan da Coliseoko zinema ikusle kopurua eta aurtengo datuek diotenez joera mantentzen da. “2013an 22.687 ikusle izan ziren Coliseoan zinea ikusten, 2014an 25.363, 2015ean 30.114, 2016an 30.899 eta aurten, ekainera arte, 15.770 lagun hurbildu dira”, Udaleko Kultura sailak dituen datuen arabera.

Areto SL da gaur egun Coliseoko zineaz arduratzen den enpresa, eta 154 pantaila kudeatzen ditu 40 bat zentrotan. Gonzalezek adierazi digunez, “500tik gora emanaldi eta 120 pelikula eskaintzen dira urtean Coliseoan”. Estreinaldiak, entsegu-filmak eta mota askotako pelikulak ekartzen saiatzen dira Kultura teknikariaren berbetan. “Euskarazko filmak ekartzen ere saiatzen gara, euskaraz bikoiztutakoak zein ekoiztutakoak”.

Urte hasieran ‘Coliseoaren laguna’ txartela jarri zuen martxan Udalak, baina arduradunek ez dute igoerarik somatu ikusle kopuruan. “Jarraitzaile leialek egin dute bat ekimenarekin eta eurak ia beti joaten dira emanaldietara”, Gonzalezen berbetan. Txartela ordainduta Coliseoko emanaldietan deskontuak lortzen dira eta azaroan kanpaina egingo da berriz ere 2018 urtera begira. Bitartean, abuztuan doan ikusi ahal izango dira pelikulak Untzagan.

 

Argazkia: Felix Morquecho.