Virginia Arakistain argazkilari eibartarraren lanak Topalekuan ikusgai

Virginia Arakistain argazkilari eibartarraren lanak Topalekuan ikusgai
2018/05/08 eta kitto!

Argazkilaritza Maiatzean   ekimenaren harira Eibarren datozen asteetarako antolatutako erakusketen artean, Virginia Arakistain eibartarraren lanak ikusi ahal izango dira Zuloagatarren kalekoTopalekuan maiatzaren 27ra arte. Deporreko Argazkilaritza Taldeko kidearen argazkiak astelehenetik igandera  egongo dira ikusgai 19:00etatik 21:00ak arte. Larunbatetan eta Igandeetan  eguerdian ere  egongo da zabalik. 12:00etatik 14:00etara.





 Klud Deportiboko Argazkilaritza taldetik azaldu digutenez, "berriro dugu gure artean ia orain dela 30 urtetik hona Klub Deportiboko Argazki Taldeko (2009ko CEF Sari Nazionala) kidea den Eibarko argazkilari hau. Beste behin zuri-beltzean egiten duen artea erakusten digu, ezin bikainago menperatzen duen teknika; gehien maite duen gaietako bati aplikatuta, kasu honetan kaleari eta bere osagai guztiei, detaile, eraikin eta jendea barne, lortutako emaitzan sekulako bizitasuna eta naturaltasuna aurkituko dugu".


Virginia Arakistainen erakusketarekin batera,  ostiral arratsaldean ia aldi berean bederatzi erakusketa zabalduko ziren argazkilaritza Makiatzean ekimenaren baitan: Eulalia Abaitua, Oskar Manso eta Felix Marban argazkilarien lanak biltzen dituzten erakusketak Portalean;  Eibarko Klub Deportiboko beste kideen erakusketa kolektibo bana, berriz, El Ambigúeta Portalea tabernetan egongo dira;  Klub Deportiboaren tabernan, Argizaiola Sariaren azken ediziora aurkeztutako lanetako batzuk bildu dituzte; eta garrantzi handiko lehiaketekin jarraituta. Untzagako Jubilatu Etxean Nazioarteko Gipuzkoa Sarira aurkeztutako beste lan batzuk erakutsiko dituzte; eta erakusketa-ibilbidea ixteko, El Corte Ingleseko erakusketa aretoan Miguel Parreñoren argazkiak egongo dira ikusgai.


Munduko argazkiak Gonzalo Azumendirekin


Erakusketak ez ezik, bestelako ekitaldiek ere osatzen dute egitaraua eta, tartean, egun guztirako tailerraegingo da maiatzaren 12an (goizeko 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara), Portalean. Aurten, tailerra ematera Gonzalo Azumendi, 30 urtetik gora mundua bere kamararekin hartutako irudiekin erakusten daramatzan argazkilaria etorriko da. Bere argazkiak bidaietan espezializatutako argitalpen ospetsuenetan (El País, El Mundo, Viajar, Viajes National Geographic, Lonely Planet, UNESCO… ) eman dituzte argitara eta, antolatzaileen berbetan, “tailerra motibazio, jakingura, ikaste eta umore uholdea izango da… esperientziak eta teknikak kontatuz, anekdotekin barre eginez ezinezko argazkia lortzeraino, ideiak sortuz… Parte hartzen dutenek ederto pasatuko dute, asko ikasteaz gain”. Oraindik toki batzuk daude betetzeke. Beraz, norbaitek izena eman nahi badu oraindik badago aukera, argazkilaritza@deporeibar.com helbidera idatzita (20 euro balio du).