La Salleko ikasle talde boluntarioa: «Ondo irteten bada, ziur hurrengo urteetan jarraipena izango duela»

La Salleko ikasle talde boluntarioa: «Ondo irteten bada, ziur hurrengo urteetan jarraipena izango duela»
2017/02/17 eta kitto!
La Salle ikastetxeko 3. DBHko Ane Larreategik, Ainhoa Egigurenek, Naroa Murillok, Josu Abalosek eta Martin Balenciagak proiektu handi bat dakarte eskuartean. Martxoaren 12rako, genero berdintasunaren aldeko martxa bat antolatuko dute Eibarren. Berdintasun Sailak, Andretxeak edota herriko emakume elkarte eta emakume independenteek ere ekintza honen prestaketan lagunduko dute. Izena emateko epea martxoaren 3ra arte egongo da zabalik Andretxean.

– Zer dela eta abiatu duzue horrelako ekimena?

Eskolan ZEIN izeneko egitasmo bat jartzen da martxan. Urte osoko proiektua da eta nolabait talde boluntarioek hartzen dute parte, izan ere, ez da notarako edo ohiko ikasketa planaren barruan sartzen. Aurten eskola solidario bat egin behar genuen. Boluntario talde txiki bakoitzak jorratuko duen gaia aukeratu zuen, kasu honetan guk genero berdintasuna, eta egun bat jarri genuen ekintzaren bat burutzeko edo proiektu bat aurkezteko. Esan beharrekoa da, hasiera batean azaroaren 25a hartu genuela kontuan baina martxa bat egitea otu zitzaigun eta horrek eskatzen duen denbora kontuan hartuta martxoaren 12ra pasatzea erabaki genuen Andretxearekin batera.

– Zergatik martxa bat?


Gure helburua jendea sentsibilizatzea da eta emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko informazioa zabaltzea, askok ez baitakite zuzen zer gertatzen den errealitatean. Gainera herrian inoiz ez dugu ikusi gai honen inguruko martxa bat eta beraz, ideia ona zela iruditu zitzaigun. Buelta batzuk eman genizkion “lasterketa” kontzeptuari baina gure helburua ez zen konpetizioa, baizik eta batasuna horregatik aukeratu genuen martxa bat egitea.

– Zer hartu behar da kontuan martxa bat prestatzeko?

Gauza asko, egia esan... Kolaboratzaileak, aseguruak, anbulantziak, ... Bagenekien lan handia zela, baina ez genuen hau guztia imajinatzen. Andretxearekin eta mugimenduko emakumeekin elkartu ginenean jabetu ginen egin beharreko guztiaz. Andretxeako dinamizatzaileak Lilatoiko antolatzaileetako batekin hitz egin zuen eta horrek orientatu gaitu guztiok gehienbat. Hala ere dena ondo irtengo dela uste dugu eta parte-hartzaileek ondo pasatuko dutela. Lehengo aldia izanda ondo irteten bada, ziur hurrengo urteetan jarraipena izango duela.

– Nolako ekintzak egingo dituzte beste taldeek?

Genero berdintasunarekin lotuta, rifak saltzen dabiltza batzuk, Eibarko emakume mugimenduari diru hori emateko, beste talde batek jolasak antolatu ditu La Sallen bertan eta gainontzeko taldeek aurkezpenak egingo dituzte ikasgelan.

lasallekoak 2