Mogel Isasiko diseinua saritu dute "Kerik gabeko gelak" egitasmoko kamiseta lehiaketan
2016/05/31
16:44
eta kitto!
Gaur eguerdian banatu dituzte udaletxean "Kerik gabeko gelak" programaren barruan antolatutako lehiaketako sariak. Tabakoaren kontra ikasleekin lantzen diren ekimenen harira urtero egiten den diseinu lehiaketan aurten Mogel Isasi ikastetxeko Eneko Trebiñok eta Unai Solagaistuak aurkeztutako marrazkia saritu du epai-mahaiak eta irabazleek pozarren jaso dute saria, euren marrazkiarekin atera dituzten kamisetak soinean jantzita zituzten lagunek inguratuta. Sari-banaketa ekitaldian azaldu dutenez, "DBH-ko 1. eta 2. mailako ikasleekin, hau da, 12-14 urte bitarteko gazteekin ikasgeletan lantzen den ekimena Europa mailako programa baten barruan dago eta aurten Eibarko ikastetxe bik, Mogel Isasik eta Aldatzek hartu dute parte lehiaketan. Gela guztiek gutxienek diseinu bana aurkeztu dute eta horien artean Debabarrena mailan hiru aukeratu zituzten, Donostian lehiatzeko eta, azken fase horretan, Eibarko gazte biek egindakoa aukeratu dute saria jasotzeko". Lore Trebiño tutoreari ere saria eman diote eta ikasgelei diplomak banatu dizkiete. Gipuzkoa mailan 24 ikastetxek eta 2.400 ikaslek hartu dute parte lehiaketan eta EAE mailan, berriz, 7.500 ikaslek.
Ekitaldian Idoya Sarasketa Gizartekintzako zinegotzia, Miren Dorronsoro Osasun Publikoko eta Menpekotasunetako zuzendaria, Elena Albisua Osasun Publikoko zuzendariordea eta Juanma Suanzo Debabarreneko OSIaren mediku zuzendaria izan dira eta ekitaldian erretzeak osasunari eragiten dizkien kalteak gogora ekarri nahi izan dituzte: "Euskadin hiltzen diren 100 lagunetik 12 tabakoa erretzeagatik hiltzen dira. Urtetik urtera gero eta erretzaile gutxiago egon arren, baina, salbuespena neskak edo emakumeak dira".
Horrekin batera udalak adikzioen kontra 24 urtez lanean diharduela ekarri dute gogora: "Hiru esparrutan egiten dugu lan: eskolan, ikasleentzat adinaren arabera moldatutako tailerrak eskainita eta gurasoekin, Gurasoak Martxan egitasmoaren bidez". Horiekin batera jaien inguruan drogomenpekotasunen prebentziorako ekimenak zein larregi edatearen kontrako pegatina lehiaketa ere antolatzen dituzte.