Osorotarren garaipen bikotea neguko triatloiaren Espainiako Kopan

Osorotarren garaipen bikotea neguko triatloiaren Espainiako Kopan
2018/01/30 eta kitto!
Sei kilometro egin zituzten antxintxikan, 17 bizikleta gainean eta beste bederatzi eskiekin. Soriako Vinuesa herrian jokatutako neguko triatloiaren probako distantzia horietan erakutsi zuten euren nagusitasuna anai biek eta lehenengoko bi postuez jabetu ziren. Oraingoan anaia gazteenak hartu zion aurrea nagusienari eta 3 segundoko aldeaz helmugaratu zen Espainiako Koparako proba baliagarrian. Delteco Eibar Triatloi Taldeko Txomin Osorok ordubete, 40 minutu eta 2 segundo behar izan zituen Pelloren aurretik helmugaratzeko. Eibartarrak gizonezkoen proban nagusitu ziren modua, emakumezkoetan Mª Cruz Aragon (SDR Arenas) izan zen onena.
Eguraldi bikaina lagun izan zuten parte-hartzaileek proba guztian. Hasierako oinezko lasterketaren amaieran laukote batek hartu zuen aurre, Txomin Osoro tarteko, eta 25 segundora heldu zen beste taldetxo bat Pello Osororekin. Bizikleta gainean nagusitu zen batez ere Txomin, eta tarte hori 50 segundoko aldeaz amaitu zuen, Pello anaia eta Carlos Nietoren aurretik. Eskiatzerakoan Pellok indar erakustaldia eman zuen eta Txomin harrapatzekotan egon zen: 3 segundo besterik ez zen izan anaien artean. Xabier Orduña hirugarren sailkatuak ere lau minutu irabazi zizkion irabazleari eskiko tartean eta 58 segundora helmugaratu zen.