Patricia Villarino (BNI Armagin-eko presidentea): “Bi milioi euro fakturatu ditugu azken urtean”

Patricia Villarino (BNI Armagin-eko presidentea): “Bi milioi euro fakturatu ditugu azken urtean”
2018, Urt 11

Urriaren amaieran bete zuen urtea Eibarren martxan ipini zen Business Network International Armagin ekimenak. Hori ospatzeko asmoz, ekitaldi berezia egingo dute datorren asteko eguenean, hilaren 18an, Coliseoan, goizeko 07:00etan hasita. Estatu Batuetan sortutako marketing eta erreferentziarako programa da BNI eta, enplegua eta aberastasuna sortzeko helburuarekin egiten du lan, “beti ere eskuzabalak diren kideak bilduz taldean”. Ideiak, kontaktuak, harreman sareak eta negoziorako erreferentziak partekatzeko aukera eskaintzen zaizkie euretako bakoitzari eta, elkarlan horri esker, taldeko kide guztiek etekinak handitzea lortu dezakete. Patricia Villarino da gaur egungo presidentea eta aukera aprobetxatu dugu berarekin izateko.

– Zelako ekitaldia prestatu duzue datorren eguenerako? Zein asmo duzue?

Bada urtebete baino gehiago BNI Armagin-eko aurkezpen-ekitaldia burutu genuela Astelena frontoian eta tartean egin duguna kaleratzeko aprobetxatuko dugu eguna, beti ere ospakizun kutsua emanez. 07:00etan kafetxoaren tartea zabalduko dugu, 07:30etik 09:00ak arte gure bilera egingo dugu eta, horren amaieran, beste Networking bat egingo dugu. Ekitaldian gure egitasmoak dituen abantailak azpimarratuko ditugu, argi dagoelako merezi duela. Izango da sorpresarako tartea ere… Zeozer dinamikoa izan behar da.

 – Noiztik zaude presidente karguan? Eta noiz arte? Zelako funtzioak dituzu taldean?

Irailetik naiz presidente, BNI Armagin-eko hirugarrena. Hasieran sei hilabeterako kargua bada ere, aukera dago beste sei hilabetera luzatzeko. Astero egiten dugun egueneko bi- lera eramaten dut eta, ardura gehiago badut ere, arazo berezietarako lidergo-taldea dugu horrelakoei soluzioa emateko.

– Bilerak egiteko eguna, ordua eta funtzionamendua ez duzue aldatu, ezta?

Hasierako bera da. Eguenero 06:45etik aurrera biltzen gara El Corte Inglesean, horretarako laga diguten instalazioan. Kide guztiek derrigorrezkoa dute astero joatea, talde-dinamika sortzeko lagungarria izateaz gain, kideen arteko hartuemanetarako ere mesedegarria delako. Eta asteroko dinamika ere errepikatu egiten dugu: hasieran gure helburuak errepasatzen ditugu, gero taldekide bakoitzak bere burua aurkezten du eta zer nahi duen azaldu, eta amaieran taldearen helburuak eta ordura arte lortutakoak errepasatzen ditugu.

– Jakina, taldekide guztiek sektore edo jarduera ezberdinetakoak zarete, ezta?

Bai, arlo bakoitzeko ordezkari bakarra dugu, elkarri konpetentziarik ez egiteko eta, behin taldea osatuta, kide guztiek elkarrekin jarduten dute beharrean, guztien mesederako. Hala ere, profesio-motaren arabera, sinergia-talde desberdinak ditugu, talde txikiagoen arteko loturak errazte bidean. Bost ditugu une honetan: enpresentzako zerbitzuak, eraikuntza, lege eta finantza arloko zerbitzuak, osasuna eta ongizatea eta, azkenik, marketing-a eta komunikazioa.

– Zuk zein arlotan egiten duzu lan?


Banco Mediolanum-etik nator eta Family Banker naiz. Finantza planifikazioan eta ondare kudeaketan dihardut, hau da, jendearen helburuak eta ametsak lortzeko nire bezeroen dirua kudeatzen dut.

– Krisia atzean laga dugula esango zenuke?

Nire ikuspuntutik, bai. Barne-produkzio gordina positiboa da, enpresa-etekinak gora doaz eta baita mundu mailako merkatua ere. Gurea IBEX-ak zeozer estankatu arren.

– Zuen emaitzak, baina, positiboak izan dira alde guztietatik begiratuta, ezta?

Bai. Urtebetean bi milioi euro fakturatzea lortu dugu. Gure hurrengo helburua handiagoa da: bi milioi eta erdira heltzeko asmoa dugu. Gaur egun taldean 25 lagun gara eta denok denontzat funtzionatzen dugu. Azken hilabetean, gainera, lau berri sartu dira.

– Interesa duenak nora jo dezake?

Orrialdea dugu Facebook-en, Idurre Albizuk jarraitzen du gure zuzendari-aholkularia izaten, eta taldeko edozein dago prest laguntzeko. Gogoa izatea da funtsezkoa: lana eskatzen du, baina ematen duenak jasotzen du.

bni gonbidapen

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »