“Pauso Berriak” programari lotutako lankidetza hitzarmena sinatu du udalak, desgaitasuna duen behargina kontratatzeko

“Pauso Berriak” programari lotutako lankidetza hitzarmena sinatu du udalak, desgaitasuna duen behargina kontratatzeko
2017/10/18 eta kitto!
Gaur goizean udaletxeak hartu duen ekitaldian Gureak eta Atzegik sustatutako “Pauso Berriak” programako arduradunek eta udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute, desgaitasuna duen norbait udalerako beharrean jarduteko kontratatzeko. Hitzarmenari esker, 2010. urteaz geroztik udalean formakuntza kontratuarekin diharduen Nuria Ruizen lan-egoera aldatuko da eta, aurrerantzean, zerbitzua ematen duen behargin bat izango da. Ekitaldian Miguel de los Toyos alkateak, Fran Navarro eta Idoia Malkorra “Pauso Berriak” proiektuaren arduradunak, Edu Ruiz, Nuriaren nebak eta Sara Rivera izebak hartu dute parte. Alkateak azpimarratu duenez, “Nuria gurera ailegatu zen egunetik gaur arte, eskatutako lanak ederto betetzen dituela argi laga digu, seriotasun eta ardura handiarekin, gainera. Gaur sinatutako akordioaren aitzakiarekin horrelako ekimenak gizarteari ikustarazteko aprobetxatu nahi izan dugu. 2010. urtean Udalak trebakuntza-akordio bat sinatu zuen Down sindromea dutenek gurekin lanean hasteko aukera izateko. Gure kasuan, udaletxeko atezaindegian pertsona berri bat hasi zen. Orain, Gureak enpresarekin dugun akordioa luzatu eta Nuria gure artean izango dugu, berak nahi duen bitartean”.

Desgaitasunen bat dutenek lan mundura sartzea helburutzat duen “Pauso Berriak” programaren barruan kokatzen da hitzarmena eta, arduradunen berbetan, “pauso bat aurrera emanez, integraziorako proiektu modura sortu zena desgaitasunen bat dutenentzat lanerako aukera bilakatu da”. Beasaingoaren atzetik, Eibarko udala Gipuzkoan horrelako akordioa sinatu duen bigarrena izan da.