Pedro Palacin: “Orkestraren proiektu berria aurkezteko kontzertu oso berezia emango dugu”

Pedro  Palacin:  “Orkestraren  proiektu  berria  aurkezteko  kontzertu  oso  berezia  emango  dugu”
06 Abe
1:42

Fallaren “El retablo de Maese Pedro” eta “El amor brujo” operekin Madrilen izandako arrakastaren ondoren, “Andres de Egiguren” Orkestrak proiektu berriaren aurkezpen gisara emanaldia eskainiko du Eibarren, Coliseo antzokian abenduaren 15ean, 20:30ean (sarrerak 12 euro balio du, 8’5 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin). Emanaldi berezia izango da eta, besteak beste Cristina del Barrio abeslariaren eta jatorri eibartarra duen Ander Telleria akordeoi-jolearen parte-hartzea izango du. Eta aurreratu dutenez Mozart, Bizet, Piazzola eta Tschaikovsky musikagileen lanak entzuteko aukera izango da, Aita Madina handiari lotuta. Gainera, kontzertuaren aurretik ikasleentzat bereziki pentsatutako emanaldi bi eskainiko ditu Pedro Palacinen eskutik 2008. urtean sortu zen orkestrak, 15:00etan eta 16:00etan.

– Nolako kontzertua emango duzue datorren astean Coliseoan?
Datorren urtean proiektu berriari heltzeko asmoa daukagu eta kontzertua proiektu berri horren aurkezpen modukoa izango da. Oso emanaldi berezia izango dela aurreratu dezakegu, sorpresa askorekin. Gurekin batera beste musikari batzuk izango dira, Cristina del Barrio mezzosopranoa, Ander Telleria akordeoilari eibartarra, abesbatzak… Mozarten “Divertimento” bat joko dugu, “Carmen” operako abestiren bat, Piazzola eta Tschaikovskyren pieza batzuk ere eskainiko ditugu… horiek guztiak moduren batean lotuta aurkeztuko ditugu, gainera, baina lotura hori zein den emanaldian bertan argituko dugu, ez dugu dena aurretik kontatuko.

– Edozein modutan ere, Aita Madinak izango du zeresanik, ezta?
Hala da, gure proiektu berria Aita Madina musikagile handiari zuzenean lotuta dago eta. Izan ere, oñatiarra zen Aita Madinak sortutako musika oso-oso ugaria da eta, bera hiltzean, bere obretako asko estreinatu barik laga zituen. Izan ere, Nueva Yorken zegoela osasun arazoekin hasi eta 1972an Oñatira itzuli eta bertan hil zen. Ordurako bere musika mundu osoan ezagutzen zuten. Besteak beste gerra sasoian Argentinara joan zen eta euskal musika eta horrekin lotutako guztia ondo gordetzeko ahalegin handia egin zuen. Oñatiko artxibategian gordeta dauden bere obrak berreskuratu nahi ditugu, orkestarako musikazioa egin eta datorren urtean jendaurrean estreinatzeko asmoz.

– Eta obra horiek berreskuratu ahal izateko lana nolakoa izango da?
Lan handia izango da, denbora asko eskatuko du, baina aurretik daukagun erronka oso polita da eta ilusioarekin helduko diogu. Izan ere proiektuak oso harrera ona izan du orkestrako kide guztien aldetik eta datorren urtean estreinatu ahal izateko lan egiteko prest gaude.

– Andres de Egiguren orkestra zure eskutik sortu zen, musikari gazteei orkestra batean aritzeko aukera emateko. Gaur egun nolakoa da orkestra?
Ba musikari gazteekin sortutako orkestrak oso maila handia izatea lortu du. Eta hori beste batzuek esandako zerbait da. Iaz Madrilen, ‘Zuloaga-Falla, historia de una amistad’ erakusketarako prestatu genuen kontzertuarekin antolatzaileak aho-zabalik geratu ziren, ondo egingo genuela espero arren ez zutelako pentsatzen horren maila altua izango genuenik. Granadan lau orkestra daude eta, emanaldia amaitu ondoren, hango emakume bat etorri eta inoiz ez duela horrelako orkestrarik entzun… horrelakoek aurrera egiteko indarra ematen dute. Urteak joan urteak etorri, musikarietako askok oraindik ere Andres de Egiguren orkestrarekin jo nahi dute, eurek eskatzen dute gustora daudelako. Eta, jakina, daukaten mailarekin orkestraren mailak ere gora egin du. Programa eta gauza ezberdinak eskaintzeko gauza dira eta, gainera, euren artean oso ondo konpontzen direnez oso gustora jarduten dute elkarrekin. Lagunak izateak asko errazten du lana.

– Orkestrako kideak herri ezberdinetan sakabanatuta daude. Zuzendari moduan, horrek zure lana zailagoa izatea eragiten du? Nola moldatzen zarete entseguetarako?
Oso maila handiko musikariak direnez ez dute izaten horretarako premiarik, kontzertua bakoitzak bere aldetik arazo barik prestatzen du, musikari bakoitzak badaki zer egin behar duen eta, kontzertua eman aurretik entsegua eginda nahikoa izaten da.

– Orkestra honen zuzendaria ez ezik, zuk irakasle moduan diharduzu lanean, ezta?
Bai, Donostiako Udal Musika Eskolan ematen ditut klaseak. Adin guztietako ikasleak dauzkat, 8 urtetik hasita 75 urte eta gehiagokoak ere baditut. Badakigu gaur egun eskolatik kanpora hamaika gauza ikasteko aukera dagoela, baina nik ume guztiak animatuko nituzke musika probatzera. Gainera, neurologoek egindako ikerketek argi erakusten dute musikak oso eragin positiboa duela burmuinaren garapenean eta psikomotrizitatea, koordinazioa eta beste gaitasun batzuk hobetzeko mesedegarria dela.

IMG_4115

Musikaria, soinujolea eta orkestra-zuzendaria
Zazpi urterekin hasi zen Solfeoa eta Akordeoia ikasten Felix Aranzabal “Angiozarko itsua”rekin. Mikel Bikondoa maisuarekin jarraitu zuen eta Akordeoi karrerako ikasketetak bikain batekin amaitu zituen. Sari ugari jaso zituen sasoi hartan: Nazio mailako bigarren sari batzuk; “Reina Sofia” lehiaketaren bigarren saria, 4. saria Euskadi Nazioarteko Lehiaketan; lehenengoa Palma de Mallorcan izandako nazio mailako XXVII. Akordeoi lehiaketan eta lehenengo saria Gipuzkoako Lehiaketan, Tolosan, beste batzuren artean. Matti Rantanen, Mogens Ellegard, Alexander Dimitriev, Friedrich Lips maisuekin ibili da ikasten. Musikaren Historia eta Musika Analisia ikasketak ere egin ditu. Donostiako Kontserbatorioaren Akordeoi irakasle plaza eskuratu zuen oposizioz 1987an eta 1994. urtera arte hango irakasle izan zen; urte hartaz geroztik Donostiako Musika Eskolako akordeoi irakasle da. Musika-jakintza sakontzearren, Kontrapuntu, Fuga eta Konposizio ikasketak egin zituen Jesus Maria Alberdi eta Gotzon Aulestia irakasleekin; sei urtez ibili zen horretan eta, ikasketak ohorezko matrikularekin amaitzeaz gain, Kontrapuntu eta Fuga saria eskuratu zuen; erdi mailako Konposizio saria eta Konposizioko karrera-amaierako aparteko saria. Akordeoi maisu zela, Konposizio ikasketak eta Donostiako Kontserbatorioan Orkestra Zuzendaritza ikasketak egin zituen aldi berean; bikain notarekin eta ohorezko aipamenarekin amaitu zituen. Gipuzkoako Foru Aldundiak eman zion beka bati esker Orkestra zuzendaritza ikasketak Erromako AIDA Academian sakondu zituen, Bruno Aprea maisuarekin; ikasketa-aldi hura amaitu zuenean Erromako ARTS Academian aritu zen; ohorezko matrikula jaso zuen ikasketa haiek amaitu zituenean; aldi berean, ahots zuriko Eibarko Goruntz abesbatzaren zuzendari zen sasoi hartan. Tuscaniako Jaialdian aritu zen lehen aldiz zuzendari-lanetan, Bulgariako Stara Zagorako Orkrestarekin, Beethoveni buruzko kontzertu baten. Horrez gain, Extremadurako Orkresta Sinfonikoa, Barikoa eta Malagako Concerto Orkresta ere zuzendu izan ditu. Euskal Herriko Gazte Orkrestak (EGO) antolatutako Zuzendarien Jardunaldietan ere parte hartu izan du. 2002. urtean, Ermuan egin zen Txistularien Alardean eskaini zen kontzertuaren zuzendari izan zen; egun hartan, Durangaldeako txistulariek eta Eibarkoek, Ermuko abesbatzak eta Eibarko Goruntz abesbatzak hartu zuten parte. Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpidearen Didaktika arloko Doktorego ikastaroak egin ditu EHUn.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »