Perun kaltetu direnen alde domekan emango duten kontzertua aurkeztu dute

Perun kaltetu direnen alde domekan emango duten kontzertua aurkeztu dute
2017/05/15 09:23
eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute Portalean datorren domekan Coliseo antzokiak hartuko duen kontzertu solidarioa Alaia Berriozabal Egoaizia GKE-ren ordezkariak, Carlos Sanchez-Barba Eibarko Cielito Musika Bandako zuzendariak eta Nathali Chuchón, Eibarren bizi den Peruko abeslariak, Patxi Lejardi Kultura-Euskara zinegotziarekin batera. Aurkezpenean azaldu dutenez, “Peru osoan azken 20 urteotako egoerarik larriena bizitzen dihardute, ‘El Niño costero’ fenomenoak urtarrilaz geroztik ia herrialde osoari kalte ikaragarriak eragin dizkio eta uholdeek suntsitutakoa berriz eraikitzeko beharrean hasi beharra dago orain”.

Egoera latz horren aurrean, musika bandako zuzendaria nola lagundu pentsatzen hasi zirela azaldu du eta horrela sortu zen elkartasunezko emanaldia prestatzeko ideia. Kontzertua hurrengo domekan izango da, 12:30ean hasita eta emanaldian Musika Bandak eta Nathali Chuchón-ek elkarrekin jardungo dute, gure artean oso ezagunak diren Peruko abestiak eskaintzen. Sarrerak 5 euro balio du eta, aldez aurretik erosteko, Kultu eta Guridi tabernetara jo daiteke  edo, bestela, Coliseoko leihatilara jo daiteke egunean bertan, emanaldiaren aurretik salgai ipiniko dituzte eta. Bestalde, joateko aukerarik ez dutenentzat “0 ilara” erosteko aukera ere badagoela adierazi dute. Batzen duten diru guztia Perura bidaliko dute, Egoaiziarekin elkarlanean diharduten gobernuz kanpoko erakundeen bitartez.