Bilduk udal aurrekontuaren kontra bozkatuko du

Bilduk udal aurrekontuaren kontra bozkatuko du
2018/01/31 13:58
eta kitto!
EH Bilduk 2018ko udal aurrekontuen kontra bozkatuko du PSEri “ausardia falta” egotzita. Alderdiaren iritziz emendakinek ez dute aldaketa sakonik eragingo aurrekontuaren zirriborroan, “eta Udal Gobernuak argi laga du herriaren beharren araberako proiektuak ez direla bere lehentasunak”. PSE eta EAJren artean akordioa lortzea “erraza” izan dela deritzo Bilduk, “eredu bera dutelako”.

Udal Gobernuak barixakuan eman zion EH Bilduri EAJrekin lortutako akordioaren berri. “Eta gainontzeko negoziazioak bukatutzat eman zituzten”, gaurko prentsaurrekoan esandakoaren arabera. “PSOErekin izan genuen azken elkarrizketan Udal Gobernuak proposamen bat egiteko konpromisoa hartu zuen, baina proposamen hori ez da heldu”.

Bilduk urtarrilean aurkeztu zituen bere emendakinak, “herritarren beharrei erantzuteko 40 proposamen”, eta Udal Gobernuak urrats kualitatiboa eman behar zuela adierazi zuen eurekin akordioa lortu nahi bazuen. “Kokoteraino gaude apaletan ahaztuta geratzen diren proiektuekin, planak gauzatzen hasteko ordua da”, azpimarratu du Bilduk.

Proiektuak gauzatzeko “ausardia falta” egotzi dio Bilduk PSEri. “Proposamenak begi onez ikusten dituztela diote, baina garatzeko orduan trabak jartzen dituzte”. Eta are gehiago, “euren agendan ez dute proiektu sozialik nahi beraien burua sozialistatzat dutenek”.

Bilduk bere emendakinen berri eman du prentsaurrekoan eta aurrekontuaren hainbat puntu kritikatu ditu. Enpleguaren inguruan “Eusko Jaurlaritzak egin beharko lituzkeen ekintzak” adostu dituela salatu du; ordezkaritza, protokolo eta propaganda gastuen gorakada seinalatu du; Garapen Ekonomikoaren sailaren funtzionamenduaz –“momentu honetan ez da existitzen”- ohartarazi eta Eibarko enpleguaren egoeraren diagnostiko objektibo baten beharra aldarrikatu du –“horren araberako ekintzak proposatzeko”-; eta auzoetan behar diren inbertsioak azaleratu ditu Bilduk, besteak beste.