Produktu ekologikoz osatutako otarrak astero jasotzeko kontsumo talde berria sortu nahi dute

Produktu ekologikoz osatutako otarrak astero jasotzeko kontsumo talde berria sortu nahi dute
2018/05/03 20:43
eta kitto!
Eibarren kontsumo talde berria sortu nahi dutela-eta, gaur arratsaldean aurkezpena egin dute Agifes elkarteak Urkizun duen errehabilitazio psikosozialerako zentroan. Lur Denok, Ner Group, Agifes eta Karabeleko elkarlanean ari dira, Gipuzkoan baratzezaintza ekologikoa bultzatzeko eta, horrekin batera, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko asmoz. Lan horren berri eman dute gaurko saioan eta, horrez gain, aurrerantzean Eibarren ere produktu natural eta ekologikoen otarrak eskaintzeko aukera izango dela eman dute aditzera. Asmoa Eibarren taldea sortu eta astean behin kide bakoitzari otar bana eskaintzea da. Otarrak ostegunetan banatuko dituzte, Agifesek Urkizu 9an duen lokalean, 12:00etatik 17:00ak bitartean. Aukera bi aurreikusi dituzte: hilean 60 euro ordainduta sasoian sasoiko barazkiz betetako otarra eta, horri arrautza ekologikoak gehitzea nahi izanez gero, berriz, hilean 68 euro ordaindu beharko lirateke. Izena emateko edo informazio gehiagorako www.karabeleko.org helbidean sartu edo, bestela, otarrak@karabeleko.org helbidera idatzi edo 688632646 telefonora deitu.

IMG_4525 IMG_4526 IMG_4527

Gaurko ekitaldia agurtzeko, sasoiko produktu ekologikoak erabilita osasun holistikoan eta elikadura energetikoan aholkularia den Garbiñe Etxanizek prestatutakoa jateko aukera izan du jendeak.

IMG_4543