"Prohibido recordar" dokumentala eta "Educacion, memoria e historia de las mujeres vascas" liburuaren aurkezpena eguaztenean Topalekuan

"Prohibido recordar" dokumentala eta "Educacion, memoria e historia de las mujeres vascas" liburuaren aurkezpena eguaztenean Topalekuan
2016/03/08 17:43
eta kitto!
Biharko proiekzioa eta liburu aurkezpena antolatu dituzte Arrate Kultur Elkartekoek: 19:00etatik aurrera "Prohibido recordar (Debekatuta dago oroitzea)", Txaber Larreategik eta Josu Martinezek zuzendutako Saturrarango emakumeen kartzelaren inguruko dokumentala emango dute Topalekuan eta, jarraian, "Educacion, memoria e historia de las mujeres vascas", Intxorta 1937 Kultur Elkarteak argitaratutako liburua aurkeztuko dute Julia Monge eta Izaskun Orbegozok.
Bihar proiektatuko duten dokumentalak Saturrarango kartzelan espetxeratuta egon ziren milaka emakumeen istorioa kontatzen du. 1937-1944 bitartean, luxuzko bainuetxea izandakoa kartzela bihurtu zuten tropa faxistek eta bi mila emakume inguru espetxeratu zituzten: errepublikako maistrak, ama ezkongabeak, sindikalistak, errepublikazaleak… horiek sufritutakoa jasotzen du dokumentalak, hainbaten testigantzekin batera. Dokumentala "Izarren Argia" filma egiteko inspirazio iturria izan zen. Jarraian aurkeztuko duten liburuan, berriz, emakumeen bazterketa, emakumeen lorpenak eta sormena, memoria, ahanztura, gizarte mugimenduak eta hezkuntza proiektuak bezalako gaiak landu dituzte eta horien inguruan jardungo dute aurkezpenean.
Biharko ekitaldia Emakumeen Egunaren harira antolatu dute eta hilaren 13ra arte ikusgai egongo den "Nondik nora?" eta "Emakume iraultzaileak" erakusketarekin lotuta dago. Martxoaren 8aren jatorriari eta historiari errepasoa ematen dion Topalekuko erakusketa egun osoan bisitatu daiteke, tabernatik sartuta.
educacion