Proiekzioa eta erakusketaren inaugurazioa egingo dira gaur Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen harira

Proiekzioa eta erakusketaren inaugurazioa egingo dira gaur Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen harira
2017/09/19 eta kitto!
Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearekin bat egin du Udalak. "Partekatzeak urrunago eramaten zaitu" goiburuari jarraituta, herritarrak sentsibilizatu nahi dituzte, norberak bere automobila alde batera laga eta oinez, bizikletaz zein garraio publikoan ibiltzera animatu daitezen. Horren harira, Udaleko Ingurumen Arloak hainbat ekimen antolatu ditu. Egitaraua aurreko domekan hasi zuten, Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako Bizikleta Egunarekin.

Gaur, berriz, 19:00etan Fredrik Gertten (Malmo, 1956) zuzendari suediarraren "Bikes vs Cars" dokumentala emango dute, doan, Coliseoan. Eta Eibarko Armagintzaren Museoan, berriz, urriaren 29ra arte ikusgai egongo den "Pedalei eragiten 50eko hamarkadan" erakusketa inauguratuko dute, XX. mendearen erdialdean Eibarren egindako marka ezberdinetako bizikletekin.

bikes cars

Eguenean, IES UNI Eibar Ermua BHIko ehun bat ikasle zein irakasle kalera irtengo dira "Mugikortasun Iraunkorraren Ibilaldian”. Goizeko 10:00etan Unibertsitate Laboraletik irten eta Untzagaraino joango dira, hainbat kale zeharkatuta.

Egun horretan bertan, Coliseo antzokiak Juan Palacios eibartar zuzendariaren "Pedaló" filmaren emanaldia hartuko du, 20:30ean. Lanak Donostiako Zinemaldian Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zuen iaz. Sarrerak 5 euro balio du.

Bestalde, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen barruan egunik garrantzitsuena irailaren 22a, “Autorik gabeko eguna” izango da eta, egun horretan, Udalbusa eta taxi-busa doakoak izango dira.

Bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaroa

Egitaraua biribiltzeko, bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaro berria antolatu dute irailaren 25etik urriaren 6ra bitartean, Ipurua kiroldegian (izen-ematea irailaren 18tik 22ra, biak barne). Sei egunetan emango dituzte klaseak eta saio bakoitzak 2 orduko iraupena izango du. Bi astez eskainiko da, astelehenetan, eguaztenetan eta barixakuetan, 10:00etatik 12:00etara. Parte hartu nahi dutenek mezua bidali beharko dute ingurumena@eibar.eus posta elektronikora edota 943708408 telefonora deitu.