San Andres elizako organoa ezagutzeko bisita gidatua egingo da zapatu goizean

San Andres elizako organoa ezagutzeko bisita gidatua egingo da zapatu goizean
2018/03/23 12:47
eta kitto!
Gipuzkoako Organoak Plazara ekimenaren edizio berria hasi da martxoan eta, horren barruan, bihar Gipuzkoako organoak ezagutzeko txangoa egingo da Eibarren eta Azkotian. Goizeko 10:00etan, San Andres parrokian hasiko dute ibilbidea, Miriam Cepeda organistaren eskutik egingo den bisita gidatu eta entzunaldiarekin. Eta gure herriko bisita amaitu eta jarraian, Azkoitian bigarren saio bat egingo da, Santa Maria La Real parrokian, 12:00etan hasita. Eibarren egindakoaren bidetik, han ere bisita gidatua eta entzunaldia eskainiko dituzte Xabier Urtasun eta Ignacio Arakistainek. Jarduera publiko guztiarentzat zabalik eta doan izango da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak Gipuzkoako organo ondarea zaindu eta ezagutzera ematen laguntzeko duten hitzarmenaren ondorio da Gipuzkoako Organoak Plazara izeneko ekimena. Maria José Telleria, Kulturako zuzendariak azaldutakoaren arabera, “programaren bitartez, lurraldeko organo ondasuna sustatu nahi da, bere balio musikala eta historikoa zein errepertorioa zabaldu eta, horrekin batera, esparru horretan ikasi eta lan egiten duten etorkizun oparoko gazteei laguntza eman. Hau da, organoaren musika herritarrei gerturatzea eta, aldi berean, duen balioa ematea da asmoa”. Horretarako, Gipuzkoako hainbat herritan dauden organo batzuk aukeratu dituzte, horien inguruan jarduerak antolatu eta, horien bitartez, jendeari organo horiek ezagutzeko aukera emateko. Besteak beste kontzertuak, tailerrak, masterclassak, konferentziak eta organoak ezagutzeko bisitak prestatu dituzte.

Europako bilduma onenetakoa

Jende askok ez dakien arren, Gipuzkoak Europako organo bilduma onenetako bat dauka: sasoiko organo egile onenek egindako 150 jatorrizko instrumentu inguru daude guztira, probintzia osoan sakabanatuta. Organo horien artetik, Lorenzo Arrazolak 1761ean eraikitako Ataungo organo barroko hispaniar bikaina azpimarra daiteke. Horrekin batera, organo-ondare horretan organo erromantiko frantziarren bilduma bikain bat ere nabarmentzen dute adituek. Aristide Cavaillé-Coll da bilduma horretako burua, 1861 eta 1898 urteen artean eremu horretan mota eta tamaina guztietako 14 organo jarri baitzituen. Aurreko organo horiez gain aipatu beharrekoak dira Stoltz-frères (Paris), Mutin, Merklin/Gutschenritter, Puget, Didier eta beste organogile frantziar batzuek eraikitakoak. Aipatzekoa da baita ere Walcker enpresa alemaniarrak 1914an jarritako instrumentu ederra.

Gipuzkoako aparteko organo-bilduma horri XIX. mendearen amaieratik aurrera erromantizismoaren eraginpean sortutako instrumentuak gehitu behar zaizkio. Organo horiek organogile euskaldunek edo Euskal Herriarekin harreman estuak zituzten organogileek eraiki zituzten, besteak beste Aquilino Amezuak, Eleizgaray y Compañíak, Amezua y Compañíak, Lope Alberdik, Melcherrek eta Dourtek. 1940an utzi zitzaion erromantizismoaren eraginpean sortutako organoak jartzeari. Data horretatik aurrera Azpeitian Organería Española Sociedad Anónima enpresa finkatu zen. Enpresa horrek Espainiako organo neoklasikorik handiena jarri zuen Donostiako Artzain Onaren katedralean, 1953an; organo horrek eskuzko bost teklatu, pedalezko teklatu bat eta 125 erregistro zituen.

Eibarkoa, Melcher, Mar y Cia

Eibarren, San Andres elizan dagoena Melcher, Mar y Cia organoa da, Juan Melcher organogileak Gipuzkoan egindako instrumenturik garrantzitsuena. 1922ko maiatzaren 25ean inauguratu zuten Jesus Guridik eta Eduardo Gorosarrik. Transmisio mekanikoa du eta pistoi-sekretuak dauzka. Eskuzko bi teklatu dauzka, 61 notakoak, 30 notako pedaleko bat, eta guztira 26 erregistro. Instrumentu ederra da, oso soinu eztiak dituena eta, beraz, obra erromantikoak jotzeko aparta da.