San Wenzeslao jaiak ospatuko dituzte zapatuan

San Wenzeslao jaiak ospatuko dituzte zapatuan
2017/09/29 eta kitto!
Wenzeslao Orbea kalekoek bihar ospatuko dituzte jaiak, kalearen izena duen San Weszelaori eskainitako eguna atzo izan zen eta. Goizetik hasiko dira ekitaldiak, 11:00ak aldera zabalduko duten auzokideen artisautza erakusketa zabaltzearekin batera. Ordu erdi geroago hasiko dira ume eta nagusiendako prestatu dituzten jokoak: sokatira, kaskara-batzea, globoak… Eguerdian, berriz, txorizoarekin pintxo-potea egingo dute eta ondoren, 14:00etan izango da patata-tortila txapelketa; parte hartzen dutenek tortilak eginda eraman beharko dituzte eta epai-mahaikoei 13:00erako aurkeztu. Txapelketa amaitu eta gero, auzokoek bazkaria egingo dute eta musika, berriz, Duo Amanecer bikoteak eskainiko du. Arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara umeendako puzgarriak egongo dira eta tartean, 18:30ak aldera txokolate-jana izango dute ume eta nagusiek. 19:30ean txikiteoan ibili eta pintxoak jateko tartea hartuko dute eta orduan hasiko dira helduendako trontza txapelketa eta umeendako igel-toka txapelketa. Eta, jaiak agurtzeko, 20:00etatik aurrera eta gauerdirarte musika izango dute, DJ Sergiren eskutik. Jarraian egitarau osoa daukazue.

EGITARAUA




  • 10:30: Jaien hasiera.

  • 11:00: Auzokideen artisautza erakusketa.

  • 11:30: Ume eta nagusiendako jokoak: sokatira, kaskara-biltzea, globoak…

  • 12:15: Pintxo-potea (txorizoa).

  • 14:00: Patata-tortila txapelketa (13:00erako aurkeztu beharko dira).

  • 14:30: Duo Amanecer bikoteak girotuko duen herri-bazkaria.

  • 16:00etatik 19:00etara: Umeendako puzgarriak.

  • 18:30: Txokolate-jana ume eta nagusientzat.

  • 19:30: Txikiteoa eta pintxoak. Trontza txapelketa (helduentzat) eta igel-toka txapelketa (umeentzat).

  • 20:00: Musika, DJ Sergirekin.

  • 24:00: Jaien amaiera. Wenzeslao Orbean.